Bergarako Elikadura Mahaiak sustatutako “ekoizpen duina, kontsumo herrikoia” heziketa programa amaitu berri da eta harrera bikaina izan du. Herriko ikastetxe guztiek parte hartu dute, eta 400 ikasletik gora aritu dira 17 saio ezberdinetan (2024ko abendutik 2025eko otsailera).

Lehen Hezkuntzako 3. Mailako ikasleek elikagaien zikloa eta ekoizleen lanbidea hobeto ezagutzeko aukera izan dute. Lehenik solasaldia izan zuten ekoizleekin, ekoizpenaren eta elikaduraren arteko harremanaren inguruan. Ondoren, ikasleek garaiko barazki ekologikoekin osatutako plater bat kozinatu eta dastatu zuten Oxirondo azokan bertan.

DBH 3koak Ziarreta baserrian Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleek Murinondo auzoko Ziarreta baserrira bisita egin zuten nekazari profesionalen lanbidea gertutik ezagutzeko. Bertan, solasaldia egin eta nekazaritza-sektoreko alor ezberdinak landu zituzten porruaren ziklo guztia ardatz izanda: plangintza, komertzializazioa, talde lana eta lanbaldintzak eta ekoizpen eredu agroekologikoa.

Ikasbidaiko otarrak
Gabonen atarian ohikoa den ikasbidairako otarren ekimena ere landu zen DBH 3 eta 4ko ikasleekin. Elikaeneatik ekoizle eta ikastetxeen koordinazioa bideratu da eta ostean ikasleak auzolanean aritu dira presketa zein salmentan. Bertako produktuez osatutako 442 otar eta 332 gazta laurden saldu zituzten, Euskal Herriko ekoizle txikiengan eragin zuzena edukiz.

Programaren balorazioa oso positiboa izan da, metodologia praktikoarekin lan egiteak haur eta gazteei zuzendutako heziketa jarduerak garatzea asko erraztu duelako. Landutako edukiak BIOLUR elkartearen “Ekoizpen Duina, Kontsumo Herrikoia” material didaktikoan oinarritu dira, eta bertan parte-hartu duten Debagoieneko 8 ekoizle aritu dira hezitzaile lanetan.

Bergarako Elikadura Mahaiak, etorkizunean ere horrelako ekimenak elkarlanean bultzatzen jarraitzeko konpromisoa adierazten du, herri mailako loturak indartuz, agroekologia eta elikadura burujabetzaren inguruko sentsibilizazioarako aukera herritarrei bermatuz.