Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2025-02-25 11:03
Bergarako lan-munduan euskara sustatzeko sortutako Harixa hitzarmenak indartzen jarraitzen du. Izan ere, 2022ko urriaren 25ean 38 entitatek zuten ekimena, eta gaurkoan, bost entitate berri gehitu dira: Gamak, Infordelta, Irudinet, Bergarako notariotza eta FBS informatika aholkularitza.
Hitzarmen honen bidez, enpresa eta entitateek euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartzen dute, lan-mundua euskarazko eremu bilakatzeko helburua partekatuz. Gaur gehitu diren entitateek ezaugarri berezi bat dute: herriko enpresa eta norbanakoentzako zerbitzu-emaileak dira eta ondorioz, haien hizkuntza funtzionamenduan eragiten dute. Eta gaur sinatutako hitzarmenarekin konpromisoa hartu dute ahal den guztietan zerbitzua euskaraz emateko.
Bergarako alkateak, Gorka Artolak, ekitaldian eskerrak eman dizkie sinatzaileei eta nabarmendu du hitzarmenaren garrantzia, adieraziz ekimen honek indarra elkarlanean eta konpromiso partekatuan duela.
"Harixa hitzarmenaren bidez, elkarri lagunduz bidea egiten jarraituko dugu, eta zuen atxikimenduak argi uzten du Bergaran euskarak duen leku nabarmena", adierazi du Artolak.
Ekimen hau Bergarako enpresa sarearen lankidetzatik sortu zen, eta gaur egun, berrogei enpresa baino gehiagok babesten dute. Harixa hitzarmenak euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eskaintzen ditu, enpresei hizkuntza-plangintzan lagunduz eta euskarazko lan-dinamika indartuz.