Enviado por Bergarako Udala en Lun, 2025-01-20 07:55
Ostiral gauean jokatu da Danbakaren seigarren edizioko finala, Bergarako Seminarixoan. Oñatiko Malko taldeak Sari Nagusia irabazita, disko bat grabatzeko aukera izango du; halaber, Publikoaren Saria jasota, K-Po bergararrak bideoklip bat grabatu ahalko du; eta 721-Gogor Gabiltza aretxabaletarrek, Danbaka-Ekinez Saria irabazita, Ekinez jaialdian jotzeko aukera izango dute.
Hiru sari
Soinu urbanoa eta punka uztartzen dituen 721-Gogor Gabiltza talde originalak eskuratu du Danbaka-Ekinez Saria, Ekinez elkarteko Ane Loidi kidearen eskutik. Aretxabaletako taldeak maiatzaren 30ean eta 31n Bergarako Labegaraieta auzoan egingo den Ekinez jaialdian jotzeko aukera izango du.
Bestalde, Publikoaren Saria K-Pok jaso du, Goiena Komunikazio Taldeko presidente Monika Belastegiren eskutik, eta bideoklipa grabatu ahalko du. Bergararrak musika dantzagarri eta dibertigarriarekin liluratu du ikusleria, doinu urbanoen eta autotunearen bidetik.
Azkenik, rock doinu leunak gogorrekin uztartzen dituen Oñatiko Malko taldeak jaso du Sari Nagusia, Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Maite Usabiagaren eskutik. Sari Nagusia irabazita, disko bat grabatzeko aukera izango du Malkok.
Primeran plataformak zuzenean eman du final handia
Primeran plataformak zuzenean eman du finala. Lehiaketan parte hartu duten hamasei taldeen kontzertuak Goiena.eus-en daude, eta hemen: https://primeran.eus/search/danbaka%20musika. Danbakaren seigarren edizioa izan da aurtengoa –2004. urtean ekin zion bideari–.
Goiena Komunikazio Taldeak antolatu du aurtengoa ere, aurrekoak bezala; Bergarako Udalaren laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Sein enpresaren babesarekin. EITBren laguntza ere izan du Goienak finalaren antolaketan –Primeran plataformaren bitartez–.
Bergarako Seminarixoa aretoan jokatu da finala, baita lehiaketako beste lau kontzertuak ere. Musika estilo askotariko Debagoieneko hamasei talde eta bakarlarik parte hartu dute lehiaketan.