Enviado por Bergarako Udala en Jue, 2024-12-19 11:24
Bergarako Udalak, udalerriko erdiguneko ostalariekin elkarlanean, kontzientziazio zibikoko kanpaina berri bat jarri du abian, kaleak garbiago eta zainduago mantentzeko helburuarekin. Ikuspegi positibo eta konstruktibo batetik, ekimen honen helburua da bezeroek baxera –edalontziak eta platerak bezala– tabernetara itzultzea, kaleetan utzi beharrean.
‘Eskerrik asko kalea garbi uzteagatik’ edota ‘Eskerrik asko edalontzia tabernara itzultzeagatik’ bezalako mezuen bitartez, kanpainak herritarren erantzukizun indibiduala eskatzen du, udalerria garbi mantentzearen onura kolektiboak azpimarratuz. Lelo horiek tabernetan eta kalean banatutako kartel eta eranskailuetan ikusi ahal izango dira.
Udalak eta ostalariek elkarrekin lan egin dute kanpaina hau diseinatzeko, establezimenduen eta bezeroen arteko lankidetza indartzeko helburuarekin. Gainera, azpimarratu da edalontzi bat itzultzea bezalako ekintza sinpleek eragin nabarmena izan dezaketela inguruko bizilagunekiko bizikidetzan.
Bergarako alkateorde Ainhoa Letek honako hau azpimarratu du: “Domingo Irala bezalako guneak garbi mantentzea nahi dugu, batez ere pintxopote egunetan edo egun berezietan. Kanpaina honekin ez dugu inor ezertara derrigortu nahi, baizik eta herria garbi mantentzearen garrantzia adierazi nahi dugu”.