Bergarako alkate Gorka Artolak, Debagoieneko gainontzeko alkateekin batera, dei egin dio Gipuzkoako Aldundiari autobus zerbitzuaren emakida berria lantzeko aukera galtzen ez uzteko. Azken urteetan jasotako kexa eta eskaerak ikusita, eskualdeko alkateek ondorioztatu dute garraio publikoak ez diela behar bezala erantzuten herritarren mugikortasun-premiei. Egoera horren aurrean, Debagoieneko alkateek elkarlanerako prestutasuna erakutsi dute, eskualdearen mugikortasun publikoa nabarmen hobetzeko helburuarekin.

Haien iritziz, azken urteetan autobus zerbitzuaren erabilerak gora egin duen arren, zerbitzuaren kalitateak nabarmen egin du behera, autobusen egoera eskasaren, matxuren eta puntualtasun faltaren ondorioz. “Hori dela eta, une erabakigarrian gaudela uste dugu, eta apustu sendoa egiteko garaia dela. Helburua, autobusaren erabilera areagotzea eta mugikortasun publiko jasangarriari bultzada ematea izan behar da”, azaldu dute Arrasaten eginiko prentsaurrekoan.

Duela 10 urte indarrean sartu zen emakida bukatzear dagoela kontuan hartuta, eskualdeko alkateek ezinbestekotzat jotzen dute zerbitzuaren kalitatea hobetuko duen emakida berria diseinatzea. Aldaketak, besteak beste, hauek barnebildu beharko lituzke:

1. Bailarako mugikortasunari dagokionez, herrien arteko loturaren maiztasuna 15 minutukoa dela bermatzea.
• Herrien arteko linea azkarrak
• Eta beste aldetik, linea batzuen kapilaritatea zabaldu.

2. Hiriburuekin dauden loturak hobetzea. Lineak hobetzea, maiztasuna handitzea, errefortzuak indartzea.

3. Puntualtasuna bermatzeko neurriak hartzea. Hori hobetzeko hainbat proposamen:
• Zerbitzu duina emateko autobus kopurua egokitzea bermatzea.
• Autobusen baldintza tekniko egokiak bermatzea.
• Autobusen sarrera/irteera bi ateetatik egitea eta kontrolerako behar den pertsonala ziurtatzea.
• San Prudentzio eta Epeleko rotondaren artean autobusentzako karril propioaren aukera aztertzea.

Alkateen iritziz, auto pribatuen trafikoak aldaketa klimatikoan duen eragina arintzeko, ezinbestekoa da autobus erabilera sustatzea eta mugikortasun jasangarriaren aldeko neurriak hartzea. Aldaketa eraginkorrak lortzeko, bestelako politika sendo eta ausartak behar direla gaineratu dute.

Horregatik, Bergarako alkateak, Debagoieneko gainontzeko alkateekin batera, Aldundiari eskatu dio emakida berri baten diseinuan urratsak emateko. Aldi berean, elkarlanerako prestutasuna adierazi dute.