Bedelkar merkatarien elkarteak, Beart arte elkartearekin eta Bergarako Udalarekin elkarlanean, Gabonetarako Erakusleihoen Joko berria jarri du abian, ostegun honetan prentsaurreko bitartez aurkeztu ostean.

Ekimen honen bidez, azken urteetako lehiaketetan partaidetzaren beherakadari aurre egin nahi zaio. Helburu nagusia sormena eta komunitatearen parte hartzea bultzatzea da, merkataritza giroan dinamismo berria txertatuz.

Jokoaren dinamikak herritarren eta denden arteko lankidetza sustatzen du. Erakusleihoak modu kolektiboan apainduko dira, gaztetxoek Beart-en bidez parte hartuz eta merkatariekin harreman berriak sortuz. Horrez gain, erakusleihoetan "BEDELKARTXO" hitza osatzen duten hizkiak banaka eta txandaka kokatuko dira. Herritarrek hizkiak aurkitu eta argazkiak atera beharko dituzte, ondoren Bedelkar elkartearen WhatsApp zenbakira bidaliz.
Bidaltzaileen artean zozketa egingo da, eta irabazleek 500 euro banatuko dituzte sari gisa.

Lehiaketa abenduaren 9tik 29ra bitartean burutuko da. Ondoren, abenduaren 30ean, argazkiak bidali dituzten guztien artean lehiaketaren irabazleak ezagutuko ditugu.

Sari hauek zozketatuko dira:
• 150€-tako sari bat zozketatuko da “BEDELKARTXO” hitza osatzen duten bezero guztien artean. Hau da, 11 letrak 11 argazkitan bidaltzen dituzten bezeroen artean.
• 100€-tako sari bat zozketatuko da “BEDELKAR” hitza osatzen duten bezero guztien artean. Hau da, 8 letrak 8 argazkitan bidaltzen dituzten bezeroen artean.
• 50€-tako 5 sari zozketatuko dira “ELKAR” hitza osatzen duten bezero guztien artean. Hau da, 5 letrak 5 argazkitan bidaltzen dituzten bezeroen artean.