Enviado por Bergarako Udala en Mié, 2024-11-20 15:46
Bergarako Udalak Barrenkale kalea urbanizatzeko proiektua gauzatuko du 2025ean, behin lizitazio epea bukatu eta bi enpresa aurkeztu ostean. Lanek hamar hilabete inguruko iraupena izango dute, eta Udalak 1.600.570,26 euroko aurrekontua (BEZa barne) bideratuko du proiektu honetara. Proiektuaren jatorria eta garapena azaldu asmoz, Udaleko ordezkari politikoak eta teknikariak, dendari, ostalari eta bizilagunekin bildu dira astearte iluntzean.
Bergarako Udalak legegintzaldi honetan gauzatuko duen proiektu garrantzitsuetako bat izango da Barrenkale kalea birgaitzearena. Agintaldi hasieran aurkeztutako Gobernu Planean hainbat lan ildo aurkeztu zituen Udalak, eta horien artean daude alde zaharra eta komertzioa biziberritzearena. Proiektu hau, eta ostean iritsiko den San Martin plazaren birgaitzeak, lan ildo horretan kokatzen dira.
Horretarako, proiektuari hainbat hobekuntza egin bazaizkio ere, BEB arkitektura bulegoak 2017an egindako proiektuan oinarrituta egingo dira lanok. San Martin plazaren eta Masterrekaren (Egino Mayea dorrera) artean garatuko dira. Bizilagunenganako eragina ahalik eta txikiena izan dadin, lanak hainbat tartetan banatuko dira.
Aipatu bezala, proiektua Bergarako alde zaharra biziberritzeko estrategiaren baitan kokatzen da, eta besteak beste, irisgarritasuna hobetzea du helburu nagusietako bat. Horretarako, kale guztiko espaloia eta errepidea maila berean geratuko dira, Artekale kaleak duen itxura berdinarekin. Horrez gain, lanok azpiegitura sare guztia aldatzeko baliatuko dira.