Chillida, 100 urte. Eskultore amets-forjatzailea
“Zuhaitz bat bezalakoa naiz, sustraiak herrialde batean eta adarrak mundura irekita dauzkat.” (Eduardo Chillida)
100 urte betetzen dira Eduardo Chillida jaio zela, XX. mendeko euskal artista unibertsal eta eragin handienetakoa. Chillidak eskulturaren bilakaera markatu zuen, baina, batez ere, arrasto sakona utzi zuen lurraldean, ez bakarrik bere lan artistikoak indarra eta izaera nahastezina erakusten zuelako, baizik eta transzendentziarako borondatea eta karga etiko eta humanistikoa agertarazi zuelako. Sustraiak Euskal Herrian zituela, mundu osoko horizonteetara iritsi zen bere lana, eta gizartea elkartzeko leku bihurtu zituen.
NAUSICA SANCHEZ
Nausica Sanchez (Irun, 1977) Historian lizentziatua eta Kultura Ondarean espezializatua da, Deustuko Unibertsitatean Kultur Kudeaketako graduondokoa egin zuen eta Zaragozako Unibertsitatean Museoetako Hezkuntzako graduondokoa. 2002an Chillida Leku museoko hezkuntza arloan hasi zen lanean, eta 2004an artistaren dokumentazio zentroaren ardura hartu zuen, artxiboa eta liburutegia koordinatuz.
Eskultoreari buruzko hainbat erakusketa eta argitalpenetarako ikerketak egin ditu. 2018ko azarotik Chillida Leku museoko Ikerketa eta Hezkuntza Saila zuzentzen du. 2019an museoa berriro ireki zela eta, hezkuntzaren arloa abian jarri du, kultura- eta hezkuntza-programazioa diseinatuz.