Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2024-09-03 07:57
Gidor Bilbao Telletxeak gidatuta eta Juan Madariagaren begiradapean 'Euskararen Historia Soziala Bergaran 1876tik 1940ra: Lehen hurbilpena' proiektua bideratuko du Josu Alonso Oregik, Maria Oianguren ikerketa saria eskuratu ostean.
Hortaz, bigarren karlistaldiaren amaieratik 1936ko gerra zibilaren amaierarainoko epe historikoa hartuko da, eta horrela lan hau osagarri izango da Idoia Etxeberria Elorzak 2023an argitaraturiko Izotz ondoko eguzki: Bergarako euskararen historia soziala 1940-1980 liburuarekin, eta Juan Madariaga Orbea eta Anaje Narbaiza Aldai 1875era artekoaz egiten ari direnarekin.
Proiektuaren helburu nagusia garai horretako Bergarako euskararen egoera eta bilakabidea aztertzea da, eta hainbat ikerketa-galdera planteatzen ditu, hala nola gertakizun historiko eta politikoek euskararen erabileran izan zuten eragina, Bergarako lehen industriaren eragina, udalaren eta herritarren protagonismoa ekitaldi eta erakundeetan, eta euskararen aztarnak artxiboetan.
Josu Alonso Oregi 1995ean jaio zen Gasteizen, eta haurtzaroa eta nerabezaroko lehen urteak Bergaran igaro zituen. 14 urterekin Gasteizera joan zen familiarekin. Amaren familia abertzalea zen eta giro euskaldunean hazi zen, nahiz eta aita erdalduna izan. Euskara bere nortasunaren parte garrantzitsua izan da beti, eta Gasteizen euskararen aldeko kontzientzia piztu zitzaion. Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta hezkuntzan ekarpen handiagoa egin zezakeela konturatuta, irakasle izateko masterra egin zuen. Gaur egun, EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia masterra egiten ari da eta Maria Oianguren ikerketa-sarira aurkeztutako proiektu hau Master Amaierako lana ere izango da.
Kirolak, irakurketa, filosofia eta historia ditu zaletasun eta bere proiektua bera euskaldundu zuten senide eta lagunei eskaini nahi die.