Enviado por Bergarako Udala en Lun, 2024-07-22 11:42
Udako zenbait egunetan egin ohi duen beroak herritarren osasunean eragin ditzakeen arazoei aurre egin asmoz, Bergarako Udalak Beroaldiei aurre egiteko Plana aurkeztu du astelehen honetan. Aurten froga pilotu bezala landuko den arren, egitasmo honek ekainaren 11n aurkeztutako Bergarako Klima eta Energiari buruzko Tokiko Planaren atal bati erantzun nahi dio.
Izan ere, tokiko planak lanketa sakon eta luzea eskatzen duten ekintzak jasotzen ditu, hala nola; Udal larrialdi-plana berrikusi eta klima-aldaketaren aldagaia txertatu edo, Bergaran dauden klima-babesguneen azterketa egin. Horiei garrantzia kendu gabe, eta hausnarketa sakonago baten beharraz jakitun, aurten froga moduan martxan jartzeko egitasmoa izango litzateke aurkeztu berri den Beroaldiei aurre egiteko Plana.
Plan honek meteorologiari loturiko muturreko abisuen aurrean baliabide batzuk eskaini nahi dizkie bergararrei, eta, batez ere, babesgune klimatikoak eskaintzean oinarritzen da.
Babesgune hauek beroaldietarako babesa emango duten lekuak herritarren eskura jarriko dira bero alarma egunetan.
“Kalean gaudela arnas beharra dugunean erabiltzeko lekuak izango dira, adibidez, mandatutara atera eta etxera bidean geldialdi bat egiteko. Edota bakardadeari aurre egiteko guneak izango dira, etxean bakarrik egon beharrean, taberna edo kontsumo guneetara jo beharrean elkartzeko lekuak”, adierazi du Markel Azkargorta zinegotziak prentsaurrekoan.
Hiru motatakoak izango dira: BABESGUNE ITXIAK, KANPOKO BABESGUNEA ETA ITZALGUNEAK eta FRESKATZEKO LEKUAK.
BABESGUNE ITXIAK:
- Klimatizazioa daukaten lekuak (edo berotzen ez direnak), ura, komuna bertan edo gertuan…. inbertsio gabe zabaltzeko modukoak izango direnak nahiz eta horniketa minimo bat beharko duten. Horretarako gaur egungo udal baliabideak erabiliko ditugu.
Kokapenak.
- Biltoki
- Martoko eta Zabalotegin herritarren txokoak
- Agorrosingo yoga gela
- Txuringo
- Labegaraietako kiroldegian kirol elkarteen gela.
Alerta Laranja eta Gorri egoerak aktibatzean direnean soilik irekiko dira babesgune-klimatikoak (printzipioz hauek dira pertsonen osasunean eragiten duten mailak). Ordutegiari dagokionez, normalean arratsaldetarako ematen dira alertak baina egun osoko aukera aztertu ondoren goizetik irekiko dira. (10:00etatik 20:00etara). Printzipioz, irailaren 13ra arte egongo dira zabalik hasiera batean.
KANPOKO BABESGUNEA ETA ITZALGUNEAK:
- Kalean eta herritarren eskura dauden guneak eguzkitik babesteko eta iturriak gertu dutenak.
Guneak:
- Errekalde Jauregiko parkea eta Kotxerak (gainera komunak daude).
- Usondo parkea (gainera komunak daude).
- Bideberri pasealekua
- Errotaldeko parkea
- Espoloia
- Boni Laskuraingo pasealekua
- Iparragirre kalea
FRESKATZEKO LEKUAK:
- Igerilekuak, ur txorrotak…
Kokapenak:
- Labegaraietako ur-txorrotak.
- Agorrosingo igerilekua
“Nabarmendu nahiko genuke eta lehen esan bezala, hau froga pilotu bat da eta gustatuko litzaiguke datorren urterako herritarren laguntzarekin babesgune klimatikoen gaineko hobekuntzak jasotzea, uste baitdugu babesgune hauek egokiak izan daitezkeela pertsona zaurgarrientzat, hala nola (bularreko haurrentzat, adinekoentzat, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzat, egoera ekonomiko bajukoak familientzat...).
Gaur aurkeztutako babesgune klimatikoek Erkidegoko Osasun Sailak beroari aurre egiteko gomendioekin bat etortzeaz gain, herritarrak beraien osasuna babesteko lagungarriak izango dira eta gomendio horiek dioten bezala deshidratazioa saihesteko, berorik babesteko eta pertsona zaurgarriak zaintzeko guneak herritarrek eskura izango dituzte.