Enviado por Bergarako Udala en Jue, 2024-07-04 12:00
Uda giroa gozatu asmoz, Bergarako Udalak kontzertu ezberdinak antolatu ditu uztailean zehar Usondo parkean, eta bertan izango dira Bele, Kuttune eta Aldakan taldeak.
Uztailaren 6ean, 22:00etan, Bele artista gipuzkoarra iritsiko da Bergarara. Bele Lide Hernandoren musika proiektu berria da. Liher taldearekin rockaren munduan edota Ispirit gospel taldearekin hainbat urtez murgilduta ibili ostean, haurtzarotik maite izan dituen tradizio afroamerikarreko musika estiloetara (soula, r&b-a edota dancehall-a) itzuli nahi izan du proiektu berri honekin, beti ere gaur egungo soinu urbanoetara eta pop estiloaren egituretara egokituz.
Uztailaren 11 Kuttune taldearen txanda izango da. Kuttune bederatzi laguneko folk taldea da, Nerea Quincoces Ochoa perkusionista eta abeslariak sortu eta zuzendua. 2023ko urrian bigarren diskoa atera zuten, "Zer ote da?", Elkar argitaletxearekin batera.
12 abesti berri biltzen dituen lan berri honen bidez, Kuttune folk bandak entzulearengan ahalegin bat piztu nahi du, Euskal Herriko eta iberiar penintsulako beste leku batzuetako kultur ondareetako kantu, dantza, erritu, poema... batzuen existentzia eta iraunkortasunaren alde.
Azkenik, uztailaren 18an Aldakan taldeak joko du ziklo honetako azken kontzertua. 2017an lagun talde bat elkartu eta Aldakan sortu zuen, erritmo afrolatinoekiko interesak eta jo, deskubritu eta aurkikuntza bakoitza partekatzeak ematen duen plazerak bultzatuta. Lehendik ere kide gehienek lan egin zuten elkarrekin Gasteiz Big Band, Ortophonk eta Turukutupa taldeetan.
Publikoarekin konektatzeko nahi bizia da proiektu honen muina, eta asmo hori agerian geratzen da beren kontzertuetako bakoitzean, eta Cumbia, Funk, Afrobeat, Chamame, Songo, Festejo, Plena eta Swing erritmoak biltzen dituen errepertorioan.
Euria eginez gero, kontzertuak Seminarixoan ospatuko dira.