Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2024-05-14 16:50
40. urteurrena ospatzeko aukera ezin hobea izango du Txapa Irratiak, izan ere, Pentekoste jaietako txupina botatzeko aukera izango dute ostiral honetan, maiatzaren 17an, Jai Batzordeak hala erabakita.
Txapa Irratiaren webgunearen arabera, Txapa irratia, irrati libre gehienak bezala, 80.hamarkadan jaio zen,1984. urtean hain zuzen ere. Hasieran, garai artako txaposoak herriko sindikatu batek utzitako lokalean hasi ziren emititzen beraien irratsaioak, eta 1989an udaletxearekin lortutako akordio baten ondoren, udalaren jabetzapeko lokal batera pasa zen emisio zentrua. Urte guzti hauetan, hainbat jende ezberdin pasa da, mota guztietako programak egin direlarik: musika, kultura, ekologia, etabarri buruzkoak. Orain ere, irratia Bergarako herriari irekita dago, bertako jende, kolektibo eta taldeek beraien ideia, kezka eta proiektuak plazaratu ditzaten.
Zentzu horretan, Gorka Artola eta Maite Usabiaga udal ordezkariek Txapa Irratiaren lana goraipatu nahi izan dute: “Euskal Herri osoan irrati gutxi dago 40 urteko ibilbidea duena, eta, kasu honetan, Txapa moduko irrati libre honek beste hainbatengandik ezberdintzen dituen balore oso esanguratsuak ditu. 40 urte hauetan belaunaldi berriak eta ideia berritzaileak izan dituzte, eta lau hamarkadaz irratia bizirik mantentzea sekulako meritua dauka. Aldi berean, prentsa librearen aldeko aldarria egiteko aukera aproposa izango da”.