Enviado por Bergarako Udala en Jue, 2024-05-09 13:58
Bergarako Udalak ikerketa bat jarriko du abian datozen egunetan Bergarako egoera sozioekonomikoari buruzko ikerketa eguneratzeko, egungo egoera sozioekonomikoa ulertzeko eta etorkizunerako kontuan hartu beharreko alderdiak eta erronkak aztertzeko. Ikerketa hau egiteko ardura IKEI RESEARCH & CONSULTANCY SA enpresak izango du, eta Udalak 20.000 euroko inbertsioa egingo du.
Bergarako egoera sozioekonomikoaren ikerketak, 2019an egindako azterlanetik abiatuta, hainbat alderdi jorratuko ditu, hala nola demografia, ekonomia, enplegua, hezkuntza, merkataritza, gizarte zerbitzuak, euskara, berdintasuna, zaintza, ingurumena, kultura eta turismoa. Gainera, esku hartzeko eremu nagusiak eta etorkizuneko ekintza-ildoak kontuan hartuko dira.
Honako alderdi hauek hartu behar dira kontuan, besteak beste:
• Egoera eta bilakaera soziala: bilakaera soziala eta ekonomikoa aztertzea, etorkizunera begira garrantzitsuenak diren alderdiak hautemanez eta horietan esku hartuz.
• Etxebizitzaren datuak
• Garraioari eta irisgarritasunari buruzko datuak
• Egoera eta bilakaera ekonomikoa
• Azpiegiturak eta ekipamendua
• Diagnostikoa eta Ekintza Aukerak: Joera sozial eta ekonomikoak kontuan hartzea, etorkizunerako interes handiko arloak detektatzea eta jorratzea.
Alderdi horiek guztiak aztertzeko bildutako datuak generoaren arabera banakatuko dira, eta analisietan ikuspegi feminista hartuko da kontuan. Hizkuntza alderdiak ere atal guztietan hartuko dira kontuan.
Diagnostikoaz gain, etorkizunera begiratzea eta heldu beharreko erronkei buruz hausnartzea bilatuko da. Hala ere, lana diagnostiko soil batetik haratago doa; izan ere, Bergarako egoera sozioekonomikoaren ikuspegi orokorra bilatzeaz gain, etorkizunera begira udal ekintzako lehentasunei erantzutea ere bilatzen du, baita eremu sozioekonomikoan dauden zailtasunak eta aukerak identifikatzea ere. Horrek, halaber, Bergararen garapenean eragina izan dezaketen edo hura baldintzatu dezaketen joera globalei arreta jartzea ekarriko du.
Lehen fasean, herritarrek parte hartzeko hainbat tresna erabiltzea aurreikusten da, herritarrei inkesta bat egitea barne. IKEI Research-ek laguntza teknikoa eskainiko du proiektua gauzatzeko, metodologia desberdinak aplikatzea kontuan hartuta. Iturri estatistiko eta dokumentalen azterketaz gain, hainbat eratako herritarren eta eragile garrantzitsuen parte hartzean oinarrituko da.
Horretarako, lan-mahaiak antolatu eta herritarrei zuzendutako inkesta bat egingo da, epe labur eta ertainean alderdi kritikoei buruzko iritziak jasotzeko.
Inkesta telefonoz egingo da maiatzaren 13ko astean. Beraz, Udalak Bergarako biztanleei gonbidapena egiten die euren iritziak partekatu eta proiektuan parte hartzera.