Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2024-05-07 09:18
‘Iraunkortasunari Hamaika Begirada’ izenburupean, klima larrialdiaz eta energia trantsizioaz hausnarketa egiteko jardunaldia antolatu du Debagoiena 2030 ekimenak, Debagoieneko Mankomunitatearekin eta eskualdeko udalekin elkarlanean. Helburua da Klima Larrialdiak Debagoienean izango duen inpaktua ezagutzea, arlo eta ikuspegi desberdinak elkarjosiz.
Jardunaldi nagusia maiatzaren 24an egingo da, Arrasateko Kulturateko klaustroan eta bertan, eremu desberdinetako adituak eta arituak izango dira, Debagoieneko errealitatearen berri ikuspegi desberdinetatik emateko eta datozkigun erronken gainean aritzeko.
Tokiko administrazioa energia trantsizioaren aurrean Jardunaldi nagusiaz gain, eskualdeko administrazio publikoak egun bizi dugun erronka konplexuen garaian bete beharreko rolaren gainean hausnartzeko espazioa ere sortu gura izan du Debagoiena 2030 ekimenak, fokua ipiniaz energia trantsizioaren alorrean.
Erakusketa ibiltaria
Bestalde, testuinguru honetan, larrialdia eta trantsizio energetikoa hizpide dituen erakusketa ere antolatu du Debagoiena 2030 ekimenak, Debagoieneko diagnostiko energetikoa eta bere inpaktuak ezagutarazi, aukerak mahai-gaineratu, eta erronka honen inguruko hausnarketak partekatzeko.
Eskoriatzan eta Aramaion egongo da ikusgai erakusketa maiatzean zehar. Gero, Bergaran eta Arrasaten ere jarriko da. Erakusketan bertan, egun baten, Goienerren eskutik, energia fakturen inguruko azterketa egiteko aukera eskainiko da.