Enviado por Bergarako Udala en Jue, 2024-04-04 11:39
Bergarako Udalak iragarri duenez, Adinekoen Kontseiluaren bilera berri bat ospatuko da datorren asteazkenean, apirilaren 10ean, udaletxeko pleno aretoan, 18:00etatik aurrera. Kontseiluaren bigarren bilera izango da bere sorreratik, eta helburuak aurreko bileran etorritakoekin adostu ziren premiei lehentasuna ematea eta adineko pertsonen kontseiluak izango dituen egiteko nagusiak identifikatzea izango da.
Bilerara gonbidatuta daude herriko 60 urtetik gorako pertsona guztiak. Kontseilu hau partaidetzan oinarritutako organoa izango da eta asmoa da Udalak eta adineko pertsonen alde lan egin nahi duten herritar, talde nahiz elkarteek osatzea. Organo aholkularia, kontsultakoa, informatzailea, ekintzen sustatzailea eta behatzailea izango da.
“Bergarako beste sektore batzuekin egiten dugun bezala, gure adinekoen iritziak eta lehentasunak ezagutu nahi ditugu, Udalaren eta herritaren arteko komunikazio kanalak indartzeko. Denon artean Bergara hobe bat eraikitzea lortu behar dugu”, adierazi du Gorka Artola alkateak.
Adineko pertsonen kontseiluaren helburuak izango dira:
• Adineko pertsonen alde lan egin nahi duten pertsonen eta eragile sozialen sarea sortzea.
• Adineko pertsonen partaidetza, ahalduntzea eta protagonismoa bultzatzea.
• Adineko pertsonekin lotutako gaien inguruan hausnarketa egitea, elkarlanerako adostasun puntuak biltzea eta adineko pertsonen ongizatea bultzatzeko ideia berriak sustatzea.
• Bergarako adineko pertsonen egoerak identifikatzea eta horiei erantzuteko eta gainditzeko baldintzak sustatzea.
• Adineko pertsonen eskubideak eta interesak defendatzea.
• Adineko pertsonen arloarekin zerikusia duten herriko edozein gertaera jasotzea, aztertzea eta behar den erantzuna bideratzea.