Enviado por Bergarako Udala en Lun, 2024-03-18 20:53
Bergarako Udalak hainbat hobekuntza egingo ditu Agorronsigo kiroldegiko fitness gunean eta pisu libreen gelan. Guztira, 230.000 euroko lanak izango dira, eta aipatutako guneetarako ekipamenduaren erosketara zein mantenura bideratuko dira. Helburu hori lortzeko, lizitaziorako kontratazio espedientea onartu du astelehen honetan ospatutako osoko bilkuran.
Egingo diren lanak hurrengoak izango dira:
• Fitness gela ekipatzeko kirol materiala erostea, eta lehenengo bost 5 urterako mantenua kontratatzea.
Fitness gela osasuna eta sasoia hobetzea nahi duten erabiltzaile arruntentzako bideratutako espazioa da; adin eta genero ezberdinetakoak.
• Pisu librerako gela ekipatzeko kirol materiala hornitzea indar lan eraginkorra eta entrenamendu funtzionala egin ahal izateko eta lehenengo bost 5 urterako mantenua kontratatzea.
• Pisu libreko gelan egun dagoen lurraren gainean, planteatutako erabilera egin ahal izateko zoru aproposa jartzea.
Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, “2007. urtean ireki zen Agorrosingo ekintza gune berritua, eta ordutik hona kirol praktikak izan duen bilakaerak eraman gaitu fitnesserako gela bakar izatetik bi gela izatera: bat fitness gela deitzen duguna eta bestea pisu libreen gela. Gaur da eguna aipatu gela horiek erabilera handia dutela eta Bergarako Udalak erabaki du, zerbitzua hobetu nahian, fitnessa praktikatzeko gelen horien ekipamendua berritzea. Apustu ekonomiko garrantzitsua da, baina kirol jarduera sustatu nahi dugu herrian, eta, horretarako, instalazioak baldintza duinetan egotea bermatu behar dugu”.