Enviado por Bergarako Udala en Mié, 2024-03-13 09:48
Guztira, artisautza, gozogintza, barazki, kontserbak… askotariko produktuekin osatutako 140 postu izango dira.
Martxoaren 23ko Erramu Zapaturako askotariko ekimenak antolatu dituzte Bergarako Udalak eta herriko hainbat eragilek. Ohi bezala, bertso-saioa egingo da bezperan, martxoaren 22an Seminarixoan, Kopla Barik bertso-eskolak lagunduta. ‘Txinbo’k jarriko dizkie gaiak kantari ariko diren Andoni Egaña, Jone Uria, Miren Artetxe, Amets Arzallus eta Saioa Alkaiza bertsolariei.
09:30ean hasiko da egun osoko feria. Kokalekuei dagokienez, Ibargarain jarriko da abelburuen erakusketa eta Seminarioko patioan, makinaria, burdindegiak, landare erakusketa, txerriki pintxoak nahiz talo postua. Guztira, askotariko produktuekin osatutako 140 postu izango dira aurten.
San Martin plazan artisau postuak eta Eusko Label oilasko pintxoen postuak izango dira. Gainera Bergarakoak izan eta irabazi asmorik ez duten kultur edo kirol elkarteek, herri taldeek eta ongintzako elkarteetako postuak ere bertan egongo dira.
Aurten ohiko feriari espazio berriak gehituko zaizkio, hala nola, Ibargaraiko eta plazako ohiko postuez gain, Simon Arrieta plazan eta Seminarioko patioan ere kokatuko dira feriara etorriko diren artisau eta elikagai saltzaileak.
Feriak, beste behin, egun osoko egitaraua izango du eta ekimenez beteta iritsiko da eguna. Berritasun modura, Jardun Elkarteak Txorimalo erakusketa berreskuratuko du eta Ibargarain egongo dira ikusgai. Gainera, haurrentzako puzgarriak jarriko dira arratsaldez eta erromeria ibiltaria egingo da Eingo taldearekin. Gaueko 22:00etan, berriz, Bad Sound System taldeak kontzertua eskainiko du Munibe plazan.
Bestalde, egunean zehar sendabelarren eta kandelen tailerrak, kalejira, Bergarako Musika Eskolako ikasleen emanaldiak, txaranga, joaldunak, kale-animazioa, dantzaldi-erromeria eta beste hainbat ekitaldi antolatu dira. Horrez gain, herri bazkaria egingo da, Xaxauk eta Txapa irratiak antolatuta, frontoian, eta dagoeneko txartel guztiak agortu dira.
Ibilgailuen joan-etorria
Feria egin ahal izateko, Ibargarai kalea 4 eta 14 atarien artean itxita egongo da 07:00etatik 15:00etara. Fraiskozuri plaza ingurua ere itxita egongo da bi norabideetan.
Bestetik, gune horietako aparkalekuak libratu egin beharko dira martxoaren 31 goizerako, eta zapatu goizean San Martin eskolako eta Ipintza Institutuko patioak aparkaleku moduan zabalduko dira.