Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2024-03-05 09:23
Bergarako Laboratorium Museoak eta Jakiunde-k, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiak, ‘24 emakume-mujeres-femmes’ erakusketa aurkeztu dute astelehen honetan museo bergararraren kanpoaldean. Martxoaren 4tik 31ra izango da ikusgai, eta Jakiundeko zenbait kideren 24 argazkiren bitartez, emakumeek zientzietan, arteetan eta letretan duten papera ikusarazi nahi du Euskal Herriko kaleetan eta plazetan. Erakusketa museoaren kanpoaldean instalatu diren plaka batzuen bitartez ikusi ahalko da, eta solasaldi bat zein ikasleei zuzendutako bisita gidatuak eskainiko dira.
Gizarteari egungo errealitatea erakusteko eta etorkizuneko belaunaldiak inspiratzeko asmoz, aire zabaleko erakusketak, ibilbide profesional luzeak egin ondoren, beren diziplinetan bikaintasuna lortu duten akademikoak aurkezten ditu, bai eta lanean puntako jarduerak gauzatzen dituzten akademiko gazteagoak ere.
Aurkezpenean, Gorka Artola Bergarako alkateak, Juan Ignacio Pérez Jakiundeko lehendakariak eta Rosa Errazkin Laboratorium-eko zuzendariak erakusketaren inguruko xehetasunak aurkeztu dituzte. Zentzu horretan, Bergarako alkateak “erakundeen arteko elkarlana” nabarmendu du, “horri esker 24 emakume hauek eskaintzen diguten jakintza guztia lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dugulako Bergaran”.
Jakiundek, urtean zehar zientziak, arteak eta letrak sustatzeko jarduera ugari antolatzen dituenez, gaur egungo erronkarik garrantzitsuenetako batean jarri nahi izan du arreta oraingoan: gizarteak aurrera egiteko funtsezkoak diren jakintzaren arloetan emakumeek egiten duten lana ikusezin bihurtzen duten ohitura sozialak gainditzea.
“Neska-mutilek aukera-berdintasunean ikasi eta lan egin ahal izan dezaten edozein diziplinatan, bizitzaren arlo guztietan emakumeek zer presentzia duten jakin behar du gure gizarteak, eta hori ikusarazi egin behar dugu. Emakumeek zientzietan, arteetan eta letretan lan egiten, laguntzen eta gozatzen dute», nabarmendu du Jakiundeko presidente Juan Ignacio Pérezek.
Erakusketarekin batera, solasaldi bat eskainiko da martxoaren 22an, 10:00etan, Seminarixoan DBHko ikasleentzako eta gaiaren inguruan interesa daukan edozein herritarrentzako. Horrez gain, martxoan zehar Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako visita gidatuak antolatuko dira.
Jakiundek sustatutako ekimenak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Nafarroako Gobernuaren eta Laboral Kutxaren babesa du.