Enviado por Bergarako Udala en Mié, 2024-02-21 12:21
Ze helbururekin osatu duzue Agintaldi Plana?
Lehenbizi, aipatuko nizuke gobernu bezala beharrezkoa ikusten dugula Agintaldi Plan bat lantzea, legegintzaldi osorako bideorri bezala erabiliko duguna. Asko aldatzen ari da mundua.
Asko aldatzen ari da Euskal Herria eta baita Bergara ere. Asko eta azkar. Eta egoera horren aurrean Bergaratik ere errezeta berriak eskaini behar dizkiegu arazo horiei, eta horretarako beharrezkoa da bideorri berritu bat edukitzea.
Uste dut Agintaldi Plan honek gaur egungo eskaera berri horiei erantzun berriak eskaintzen dizkiela.
“Aldaketatik eraldaketara jauzia emateko momentua da; pauso bat harago joateko”
Zeintzuk dira Bergarak gaur egun dituen erronkak?
Ez da erraza erantzun bat ematea, asko baitira esku artean ditugun erronkak. Plan hau lantzeko prozesu luze bat egin dugu, baina prozesuaren ‘hazia’ herritarrek helarazi dizkiguten kezketatik abiatu da. Gobernu taldeko zinegotziok kalera irten gara bergararrei zuzenean galdetzera, eta bost erronka nagusi zehaztu ditugu: Arnasguneak, Euskara, Zaintza eta Bakardadea, Etxebizitza eta Komertzioa eta alde zaharra.
Agintaldi Plan honek erronka horiei erantzuteko indar adina izango du?
Ekainetik gobernu talde berritua dugu, 10 zinegotzitik seik aire freskoa eman diote taldeari, eta beste lauk aurreko lau urteetan hasitako aldaketari jarraipena eman diogu. Orain, berriz, aldaketatik eraldaketara jauzia emateko momentua da; pauso bat harago joateko.
Uste dut Plan hau anbizio handikoa dela, eta lehen aipatutako erronka horiei erantzuteko gaitasuna duela, beti ere momentuan momentuko beharrei erantzunez eta malgutasunez.
“Uste dut Agintaldi Plan honek gaur egungo eskaera berri horiei erantzun berriak eskaintzen dizkiela”
Ze proiektu nabarmenduko zenituzke Legegintzaldi Planetik?
Bergara bere orokortasunean ulertzeko saiakera egin dugu. Ez gara adreilura eta zementura mugatu. Hori egiteko joera izan genezakeen, baina harago joateko asmoa izan dugu; Bergara betaurreko orokorrago batekin ikusteko asmoa, alegia. Adibidez: alde zaharra eta komertzioa berraktibatzeko arlo ezberdinetako neurriak behar dira, ez da nahikoa San Martin Agirre plaza edo Barrenkale berritzea hutsik dauden lokalak berraktibatzeko estrategiarik ez baldin badaukazu.
Hala ere, onartuko dut badaudela proiektu batzuk ilusio berezia eragiten didatenak, esaterako Arnasgune berriak sortzearen kontua, Arrizuriagaren proiektua, San Martin plaza eta Barrenkale kaleak eraberritzea, Oxirondoko azoka biziberritzea, …
Ze neurri hartuko dituzue proiektu horiek bergarar guztientzako onurak ekartzeko?
Agintaldi Plan honetan elementu berritzaile bat sartu dugu: Arnasguneena. Agian zaila izan daiteke bisualizatzen, baina Bergaran mota ezberdinetako arnasguneak behar ditugu clima aldaketari aurre egin, lasaitasuna, elkar ezagutza, feminismoa, alaitasuna, irrifarra, euskara eta ongizatea bermatzeko. Eta horretarako datozen lau urteetan 50 arnasgune ezberdin gauzatu eta irudikatu nahi ditugu.
KONTSULTATU ERRONKA GUZTIAK: https://bergara.eus/sites/default/files/dokumentu-fitxategi/bergara_gobe...