Enviado por Bergarako Udala en Jue, 2024-01-25 11:54
Elgetan egin du Debagoiena 2030 ekimenak bulego berriaren aurkezpena, energia-komunitateetako, udaletako eta energiaren inguruan lanean ari diren hainbat eragiletako ordezkariekin batera. Aurkeztu berri den bulegoaren bitartez energia-komunitateen sustapenerako informazioa eta bidelaguntza eskainiko da. Proiektua garatzeko, Next Generation eta IDAEren laguntzak jaso ditu ekimenak.
Bulegoaren baitan lan-ildo desberdinak egongo dira:
1.- Online bulegoa –energiarenpuntua.eus–: Interesa duten herritarrei beraien galderak erantzuten laguntzeko balioko duena eta energia-komunitate berriei osaketa prozesuan lagunduko diena. Dagoeneko martxan da.
2.- Laborategia: Energia-komunitateen inguruan lanean dabiltzan eragileei bideratua eta informazioa partekatzeko gunea izango da.
3.- Ernamuina: Energia-komunitateen ordezkariek osatua, beharrak identifikatu, soluzioak irudikatu eta elkarrekin erantzunak emateko gunea da. Elgeta, Bergara, Leintz Bailarako Ekiola, Otxandio, Elorrio eta Errenteriako komunitate energetikoek osatzen dute, baita Eskoriatzan Energia Komunitatea lantzen dabilen taldeko kideek ere. Goiener, Mondragon Unibertsitatea eta D2030eko kideak ere badira Ernamuinaren parte.
4.- Dibulgazioa eta ahalduntzea: sentsibilizaziora eta herritarren ahalduntzera bideratutako ekintza desberdinak egingo dira honen baitan.
Debagoiena 2030 ekimenak 2020tik martxan du Debagoienean trantsizio energetikoa bultzatzeko ‘Eraginez Piztu’ estrategia eta hain justu ere, norabide horretan ekarpena egitera dator orain ‘Energiaren Puntua’, fokua energia-komunitateetan jarria duen bulegoa.
Energia eredua, erronka.
Izan ere, larrialdi klimatikoa eragiten duten faktoreen artean, energia ereduarena da lehen mailako erronka: “Erregai fosiletatik dator kontsumitzen dugun energiaren zatirik handiena eta datozen urteetan kontsumitzen dugun energia murriztea eta erabiliko duguna berriztagarria izatea da helburua. Erronka horri erantzuteko tokiko energia-komunitateek funtzio zentrala bete dezaketela sinistuta gaude”, azaldu du D2030 ekimeneko koordinatzaile Elena Herrartek.
Zentzu horretan, D2030eko energiaren eremuko koordinatzaile Aritz Ameztegik “lehenbizikoz, herritarrek beraien energiaren ardura hartzeko duten aukeran” jarri du fokua eta nabarmendu du, “herri eta auzoen garapena eta herritarren parte-hartzea bultzatu gura badira, energia-komunitateak direla bidea”.
Debagoiena martxan da.
Debagoiena duela hiru urte hasi zen energia komunitateeen inguruan lanean eta gaur egun hiru energia-komunitate daude eratuta. Elgetako Ixotzen, Bergarako Berener eta Leintz Bailara osoa hartzen duen Ekiola. Honetaz gain, badira beste hiruzpalau energia-komunitate berri sortze bidean.
Zailtasunak badira.
Baina ez da erraza izaten ari, “energia-komunitateen eremua eraikitzen ari den eremua delako eta oztopoak sortzen direlako bidean”, azaldu du Ameztegik. Lehen zailtasuna bideragarritasun ekonomikoa da: “komunitate txikiak izango dira gehienak, proiektu berriak haratzeko ahalmen gutxi izango dutenak. Ez badira elkartzen eta eskalako ekonomia lantzen hasten kosta egingo da”.
Zailtasun eta oztopo horiek gainditzen laguntzeko sortu da ‘Energiaren Puntua’ bulegoa, Debagoieneko energia-komunitateen sustapenean informazioa eta bidelaguntza eskainiko dituen bulegoa.
Parte-hartzaileak.
Gaurko aurkezpenean izan dira energia-komunitateetako ordezkariak ¬–Elgeta, Bergara, Leintz Bailarako Ekiola, Otxandio, Elorrio eta Errenteria–, Debagoieneko udal ordezkariak, Goienerreko, MGEP-ko, Debagoieneko Mankomunitateko, H-Eneako, Ekitermikeko eta Debagoiena 2030 ekimeneko kideak.