Enviado por Bergarako Udala en Jue, 2024-01-25 09:41
Bergarako Udalak eta Enpresare elkarteak hitzarmen berria sinatu dute 2024. urterako, 2022. urtean hasitako proiektua garatzen jarraitzeko asmoarekin. Asteazken honetan sinatu dute hitzarmena Bergarako alkate Gorka Artolak eta Enpresare elkartearen lehendakaria den Alain Vivasek.
Enpresare Elkartea 2021ean erakunde bezala eratu zen eta gaur egun egiten ari diren jardueren jarraipena beharrezkoa ikusi dute bi aldeek. Proiektua eta enpresa foroak martxan daude eta baita enpresekin lan taldean partekatutako eta bakarka jorratzen ari den ibilbidea ere.
Horrez gain, beste lau urtetarako Plan Estrategikoa zehaztu da iaz, eta, aldi berean, enpresa berrien kaptazio lana egiten ari da eten gabe, gaur egungo 23 enpresen taldea 25era iristeko. Bide horretan, Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroak egingo duen ekarpena balioan jarri nahi izan dute bi aldeek.
Azken urtean egindako lanaren balorazioa positiboa izan da, eta ekimenaren jarraipenak garrantzi handia duela baloratu da enpresa partaide guztien aldetik, eta baita ENPRESARE Foroko Zuzendaritza komitearen aldetik ere, Bergarako Udala komite horretako partaide izanik eta elkarteko Bazkide kolaboratzailea ere.
Zentzu horretan, Gorka Artola alkatearen esanetan, “garapen industriala eta gure enpresen lehiakortasun jasangarria bultzatzeko konpromisoaren barruan, pauso berriak emateko prest gaude. Bergara denon artean eraiki behar dugula diot askotan. Bakoitzak bere esparrutik; baina guztiok helburu antzekoekin. Erronka asko ditugu parez pare herri eta gizarte bezala, eta askotan erronka horiei imajinaziotik eta anbiziotik erantzun beharko diegu”.
Enpresare elkarteko Alain Vivas lehendakariak eskerrak eman nahi izan dizkio Bergarako Udalari, “betidanik izandako konpromisoagatik eta Enpresare eta lurraldeko enpresei emandako laguntzagatik. Elkarteak 12 urte daramatza eta hori ezinezkoa izango zen laguntza hau gabe”.
Eta, bestetik, datorren otsailaren 8an ospatuko den ekitaldiari begira, “urteak betetzen jarraitzeko konpromisoa dugu eta Bergarako industria sarearen eraldaketa eta garapen tresna jarraitzen izateko prest. Beti ere, elkarlana sustatzen eta laguntza-sare bat sortzen”, gaineratu du Vivasek.
Enpresare elkarteak proiektua kudeatzen jarraitzeko aurkeztutako proposamena begi onez ikusi du elkarteko Zuzendaritza komiteak: Miguel Altuna Institutua, Grupo TTT SA, Lazpiur SA, Tornilleria Segur SA, Zerbimek SL, Embalan3 Sl, Gehiber Machined Components SAL, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentzia, Bergarako Udalak eta baita elkarteko bazkideek ere.
Hitzarmen berri honen bitartez, Bergarako Udalak 30.000 euro eskainiko dizkio Enpresare-ri, proiektu berrien bitartez Bergarako eta inguruko enpresen arteko elkarlana bultzatzen jarraitu, beste erakunde eta agenteekin erlazionatu eta lankidetza sustatzeko. Guzti honen helburua udalerriko enpresen jarduera ekonomikoa sustatzea izango da.