Enviado por Bergarako Udala en Jue, 2023-12-21 10:08
Bergara eta Antzuola batu nahi dituen bidegorriaren lehen fasea bukatu berri duela iragarri du asteon Bergarako Udalak. Ibargaraiko autobus geltokitik Urteagara arteko tramoko obraren lehen fasea amaituta, 2024ean bigarren faseari ekingo dio Udalak, eta horretarako 350.000 euroko diru partida txertatu du hurrengo urterako Aurrekontu Proiektuan.
Bidegorri honen bitartez, mugikortasun jasangarriago baten aldeko apustua egin nahi du Bergarako Udalak, eta 2025 urtean bukatuta egotea nahiko luke. Helburu horretan, Antzuola aldetik Bergarako herriguneraino Gipuzkoako Foru Aldundiak egin beharreko lanekin koordinatu nahiko luke.
Aipatutako lehen fasea Construcciones Artzamendi SA enpresak egin ditu, 380.023,49 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin, eta espaloiak zabalagoak egiteko baliatu dira lanak. Horrez gain, ikuspena eta bide segurtasuna hobetzeko, oinezkoentzako pasabide adimendun bat jarri da, oinezkoa antzematean argiztatzen dena.
Aurrez aipatu bezala, bigarren fasea 2024ean egingo da, eta, horretarako, Udalak 350.000 euro aurreikusi ditu. Fase honek lehen fase honen amaiera gunea eta San Antonioko biribilgunea batuko ditu.
Hirugarren fase batek amaituko du Gipuzkoako Foru Aldundiak egin beharreko obren ondoren Antzuolatik iritsiko den bidegorriarekin lotura.
Markel Azkargorta zinegotziak azaldu duenez, “bidegorri honek herri arteko zein Antzuolarekiko konexioa hobetu nahi du, eta horretarako ezinbestekoa izango da erakundeon arteko elkarlana. Mugikortasun jasangarriago baten aldeko apustua egiten ari gara Bergaran, eta proiektu hau horren adibide bat gehiago da”.