Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2023-12-19 10:03
Astelehen honetan ospatutako osoko bilkuran, Bergarako Udalak Osintxuko plazan dagoen Txuringo taberna eta baju horretan dagoen lokala erostea onartu du, Osintxu biziberritzeko planaren baitan. Neurri honekin Udalak bertakoentzako ezinbesteko zerbitzua eta kohesiorako elkargunea izango den proiektua garatu nahi duela nabarmendu du gobernu taldeak udalbatzan.
Izan ere, 2021. urtean Osintxu Biziberritzeko Lantaldea sortu zen, Txuringo kultur elkarteko ordezkariak, Osintxuko eskolako gurasoen ordezkariak, Soraluce Kooperatibako ordezkaria, Kooperatibako bazkide osintxuarrak eta Udalak (alkatetza, hirigintza eta partaidetza sailak) ordezkatzen dutena. Lan taldearen erronka nagusia Osintxuko biztanleria mantendu, errotu eta haztea izan da hasieratik, Osintxu atsegin eta bizigarriagoa eraikiz.
Udalaren asmoa ondorengoa litzateke:
-Lokalak erosi eta tabernaren ustiaketa lizitazio prozedura baten bidez gauzatzea.
-Taberna ondoko lokaletan zerbitzu publiko balioanitza sortzea, auzotar guztiei irekia.
“Osintxuarren bizi kalitatea bermatu nahi dugu, eta, horretarako, auzo-bizitza mantentzeko tresna eta baliabide ezberdinak eskaini behar dizkiegu Udaletik. Osintxuko plaza balioan jarri nahi dugu, izan ere, bertakoentzako ezinbesteko zerbitzua eta kohesiorako elkargunea da”, adierazi dute udal ordezkariek. Gainera, erabilera anitzeko lokala sortzea ere ahalbidetuko luke bere erosketak.
Izan ere, Osintxu Biziberritzeko Lantaldeak orain arte eginiko bilera guztietan oso argi gelditu da osintxuarrentzat ezinbestekoa dela plaza indartu eta biziagoa izatea, eta, helburu horretarako, auzo giroa plazan kontzentratzea estrategikoa da. Horretarako Txuringo tabernak ezinbesteko funtzioa betetzen du eta taberna ondoko lokaletan herritarrei zuzendutako zerbitzu publiko eta balio anitza eraikitzea garrantzitsua da, liburutegiarekin batera plazak zentralitatea hartu eta auzo giroa pixkanaka indartzeko.