Bergarako Aroztegi aretoan beren lanak erakutsi nahi dituzten artistek izena emateko epea zabaldu du bertako Udalak. Horretarako, 2023ko azaroaren 24ko 13:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte beraien eskaerak. ‘Batzorde Mistoak’, aurkeztutako eskaera guztiak aztertu ondoren, aukeraketa egin eta urteko programazioa egingo du.

‘Batzorde Mistoa’ Bergarako Udaleko Kultura Zerbitzuaren barnean sortutako batzordea da eta berau arduratuko da Aroztegi aretoaren programazioaz. Batzorde honetako partaideak ondorengoak izango dira: Beart Bergarako Artisten elkarteko kideak, Bergarako Arizondo argazkilari elkarteko kideak, Bergarako Buztinzale zeramika elkarteko kideak, Kultura teknikaria eta Bergarako Udaleko herritarren arloko batzordeko zinegotzia. Dena dela, batzorde misto honek adituen kolaborazioa ere eskatu ahal izango du, batzordeko kideek egoki edo premiazko ikusten badute.

Erabilera anitzeko aretoa da Aroztegi, nahiz eta erakusketek izango duten lehentasuna. Halere, ondorengo ekitaldiak ere egin ahal izango dira bertan, batez ere Udazken Kulturaleko egitarauaren barruan: besteak beste, kamera musikaren formatu txikiko kontzertuak, hitzaldiak, argazki edo diapositiba proiekzioak eta liburu aurkezpenak. Dena dela, ekitaldi horiek erakusketarik ez dagoenean egin ahal izango dira, edo kasu bakoitzean erakusketa duen artistarekin adostasun batera iritsitakoan, beti ere Aroztegiko Batzorde Mistoak horretarako eragozpenik ikusten ez badu.

Batzorde mistoaren azken erabakia udaleko webgunean argitaratuko da. Eskaera aurkeztu duten guztiek onartutakoen zerrenda kontsultatu ahal izango dute abenduaren 19tik aurrera.

Informazio guztia kontsultatzeko: https://uzt.gipuzkoa.eus/WAS/AYTO/USCServicioCiudadanoVer15WEB/home.do?D...