Enviado por Bergarako Udala en Lun, 2023-10-09 09:12
Euskara enpresa munduan hedatzeko asmoz, Bergarako Udalak ‘Harixa’ egitasmoa jarri zuen martxan 2022 urte bukaeran. Proiektu honen bitartez, Udalak eta herriko 37 enpresa, talde eta eragilek euskara sustatzeko konpromisoa hartu zuten. Orain Bergarako egitasmoa erreferentziatzat hartuta, Debagoien osorako plan bat egiteko proposamena landu dute Jaurlaritzak eta Bergarako Udalak.
Proiektua garatu asmoz, Jaurlaritzako, Aldundiko eta eskualdeko udal ordezkariek lan bilera egin dute ostegun honetan Arrasaten. Bertan, besteak beste, Bergarako HARIXA programaren berri eman dute Gorka Artola alkateak eta Euskara eta Garapeneko teknikariek.
Gorka Artola Bergarako alkatearen arabera “pozgarria da Bergaran duela urtebete martxan jarri genuen proiektu hau erreferentziatzat hartu izana. Bergaran egitasmo honen baitan 37 enpresa eta eragile biltzea lortu dugu, eta espero dugu eskualdean ere zabaltzen denean atxikimenduak areagotzea. Euskara enpresa sektorean sustatzea izango da aurrerantzean ere gure helburua. Lan handia daukagu oraindik, eta elkarlana beharrezkoa izango da konpromisoak betetzeko. Bailara mailako plan indartsu bat abian jartzea Bergararako ere oso lagungarri izango litzateke”.
Bergarako Udalak eta enpresek iazko urrian sinatu zuten hitzarmena, eta horren bitartez hainbat konpromiso hartu zituzten euren gain. Besteak beste, enpresa bakoitzean euskararen egoeraren inguruko diagnostikoa egitea, urteko egitasmo ezberdinak zehaztea edota hitzarmena sinatu duten enpresen artean euskara lehenestea dira konpromiso horietako batzuk.