Enviado por Bergarako Udala en Mié, 2023-10-04 09:04
Bergarako Udaleko gobernu taldeak ordenantza fiskal berrietarako proposamena aurkeztu du, herriko tokiko merkataritza sustatzeko eta indartzeko neurri berriak barnebilduz. Izan ere, herriko ekonomia sustatzeko duen konpromisoan, hobari berriak gehitu ditu proposamenera, tokiko negozioentzako laguntza zehatzak eskaintzeko. Besteak beste, milioi bat euro baino gutxiago fakturatzen duten komertzioei hurrengo hobariak eskainiko zaizkie lehen aldiz:
· Obra lizentzietan %95eko hobaria
· Irekiera berri baten, irekiera tasan %95eko hobaria
· Ura eta zaborren tasetan lehen 3 urtetan %95eko hobaria
Hobari hauek dagoeneko existitzen zirenei gehituko zaizkie, eta helburua herriko sektore ezberdinei laguntzea izango da. Aitor Aranzabal zinegotziak adierazi duenez, “Udal honek tokiko merkatariak babesteko eta Bergarako hazkunde ekonomikorako giro egokia sustatzeko konpromisoa dauka. Hobari fiskal horiek beste urrats bat dira helburu hori lortzeko bidean, eta ziur gaude eragin positiboa izango dutela gure komertzioa indartzeko”.
Bestalde, azken urteetako argindar eta gasaren igoerak gastuetan izandako eraginari zein lizitazio berriak izango duen %25 inguruko gainkostuari aurre egin asmoz, Agorrosingo abonatu eta ikastaroen tasak %10 igotzeko proposamena luzatu du gobernu taldeak. Proposamen hori gastuei erreparatuta egin da. Esaterako, 2021ean argindarraren gastua 100.000 eurokoa izan bazen, iaz 183.000 eurotara igo zen, eta gasaren kostua 70.000 eurotik (2021) 191.000 euro izatera iritsi zen 2022an. Horrez gain, kiroldegirako aurten kaleratu beharko den lizitazio berriko gastuak 150.000 euro inguru igoko dira.
“Guretzat ere gustukoa ez den arren, igoera gogor horri eusteko tasak ahal den neurrian aktualizatu behar izan ditugu kalitatezko zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko”, azaldu du Aranzabalek. Igoera horrek errenta baxuak dituzten bergararrengan izan dezakeen eragina leundu asmoz, Udalak tarifa soziala eskainiko die hala behar dutenei.