Enviado por Bergarako Udala en Jue, 2023-09-28 11:31
Edizio berri batekin dator Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa. Aurtengo udazkenean 24.enez ospatuko da hiru udalerritan. Loiolako Basilika, Bergarako Santa Marina Parrokia eta Azkoitiko Parrokia dira urriaren 6tik 28ra bitartean kontzertuak hartuko dituzten hiru eszenatokiak. Aurtengo zikloak, gainera, Azkoitiko Cavaillé-Coll organoaren 125. urteurrenarekin bat egiten du.
Udaletako eta Fray Joseph Echevarria Elkarteko ordezkariek, Loreto Aramendi eta Itziar Urbieta organistek, gaur goizean aurkeztu dute egitaraua. Bergarako Udalaren izenean, Maite Usabiaga zinegotziak horrelako ekimenak babesteko beharra nabarmendu du. Zentzu horretan, gogora ekarri du San Pedroko organoa eraberritze lanetan dagoela aurtengo otsailetik, eta, aurreikuspenak betez gero, gero 2024ko ekainerako berriro Bergaran bueltan izatea espero dutela. Aitor Olea San Pedroko organo jolearekin egon ostean, harek azaldu die eprozesua ondo doala eta organoaren %40a eginda dagoela. Orokorrean Organoaren 36 jokuetatik 24 daude birgaituta daude. Konponketak Lyonetik gertu dagoen Rontalon eta Brindas herrietan egiten ari da, eta datorren 2024ko maiatza alderako aurreikusten da Frantziatik organoa ekartzea. Hori horrela balitz 2024ko organo kontzertua San Pedroko parrokian egingo litzateke.
Azkoitiko Kultura zinegotzi Sonia Vazquezek hiru herrien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Fray Joseph Echevarría elkartearen arteko elkarlana goraipatu du “"elkarrekin egindako lanari esker, sendotzen eta indartzen joan den sekulako organo zikloa dugulako, eta organoa musika- tresna gisa hedatzen nabarmen lagundu duelako". Maite Usabiagak, eta Azpeitiko Kultura teknikari Pili Arrietak ere, esker oneko hitzak egin dituzte, musika zikloaren kalitatea goraipatuz.
Itziar Urbietak azaldu duenez, “zikloaren ardatza organoa da. Saiatzen gara kontzertu batzuetan beste musik-tresna batzuk sartzen organoari laguntzeko, baina organoa bakarrik entzutea ere gustatzen zaigu, dituen posibilitate guztiak ikusteko. Aurtengoa berezia izango da”. Organistaren hitzetan, gonbidatu guztiak “mimo handiz” ari dira kontzertuak prestatzen eta gozatzekoa izango da.