Bergarako Udalak hasi ditu dagoeneko asfaltatze lan ezberdinak herriko lau puntu ezberdinetan. Udalak 157.024 euroko inbertsioa egin du lan horietarako, eta datozen asteetan egingo dira Agirrebeña, Ertzaintzaren komisaldegiaren atzealdeko bidegorrian, Ibargaraiko parking publikoko sarreran eta barianteko sarrera inguruan (zubia, bidegurutzea eta Ibargaraiko sarrera).

Lan hauek, gehienez ere, hilabete eta erdiko epea izango dute. Obra hauen ondorioz, urriaren 2, 3 eta 4ean Ibargaraiko aparkalekuko sarbidea itxita egongo da.

Obrak hurrengo puntuetan egingo dira:

1. GUNEA - AGIRREBEÑA
Eremu hori Agirrebeñako biltegiratze zelaiari dagokio, 1.500 m2 inguruko azalerakoa. Gaur egun asfaltatu gabe dagoen Udalaren obrako materiala biltegiratzeko kanpoaldean egingo dira lanak.
2. GUNEA - BIDEGORRIA
Eremu hori bidegorriaren trazaduraren zati bat da, Ertzaintzaren eraikinaren atzealdean, eta 170 m2 inguruko azalera du. Eremu horretan, bidegorriaren asfaltoa egoera txarrean dago, oro har.
3. GUNEA – IBARGARAIKO APARKALEKUA
Lan hauek Ibargaraiko aparkaleku publikorako sarrerari dagozkio, 220 m2 inguruko azalera dutena. Harrizko galtzada aparkalekuan sartzeko ibilgailuen zirkulazio eremua da, eta egoera txarrean dago, ur istilak sortzen dituzten kokalekuak baititu. Aparkalekuaren sarrerarako zeharkatzen diren baldosazko zoladura-eremuak ere egoera txarrean daude, eta baldosak aske daude.
4. GUNEA – BARIANTEAREN SARRERA
Eremu hori Ertzaintzaren eraikinaren ondoko saihesbidearekin gurutzatzen da, eta 1.900 m2 inguruko azalera du. Gune honetako asfaltua, oro har, egoera txarrean dago, eta zenbait lekutan asentamenduak ditu.