Enviado por Bergarako Udala en Lun, 2023-09-25 09:28
Agintaldia hasi zenetik 100 egun igaro diren honetan, Bergarako Udalak orain artekoen errepasoa egin eta legaldi berrirako lan ildo nagusiak zeintzuk izango diren azaldu du. Zentzu horretan, Bergarako Udaleko arlo ezberdinetan legegintzaldirako bideorria izango den Gobernu Plana lantzen dihardutela adierazi du Gorka Artola alkateak, “bergarar guztion bizi kalitatea hobetu eta herri honi etorkizun oparo bat eskaini asmoz”.
Gobernu Plan hori bost ildo nagusitan oinarrituko dela iragarri du Artolak: Arnasguneak, Euskara, Zaintza eta Bakardadea, Etxebizitza eta Komertzioa. Aipaturiko gobernu plan horren bitartez, “bergararrok ditugun erronka zein beharrei ziurtasunez eta imaginazioz erantzuteko ‘iparrorratz’ bat izatea da helburua, proiektu eta egitasmo zehatzekin eta norabide argiarekin, ”, gaineratu du alkateak.
Legegintzaldi berri honek azken lau urteetako oinarrietan sakontzeko aukera eskainiko diela adierazi du Artolak. Horren harira, gobernu talde berriaren “sendotasuna” nabarmendu nahi izan du, ordezkari esperientziadun eta berrien arteko oreka bilatu baita, haren ustez. Hori dela eta, hurrengo lau urteek “ahulguneak hobetzeko eta indarguneak indartzeko” aukera emango diela adierazi du.
Jarraikortasun horretan kokatu ditu Artolak legegintzaldi berri honetako lehen 100 egunak, modu “baikorrean eta optimistan” baloratuz. Horren adibide dira, besteak beste, hirigintza alorreko Zalditegiko obrak, umeekin elkarlanean diseinatutako Zabalotegiko parke berria, Oxirondoko merkatu berrirako obra, Ibargaraiko bidegorriko lanak eta Labegaraietako umeentzako ur txorrot berriak. Horiez gain, alkateak gaineratu du gainontzeko arloetan ere beste hainbat proiektu eta ekimen garatzen ari dela Udala, “egonkortasunaren, akordioaren eta bergararron parte hartzearen aldeko apustu argia eginez”.
Zentzu horretan, Udal barne mailan proposatutako antolaketa eredu berria jarri du Artolak adibide modura, bergararrei zerbitzu hobeagoa ematen lagunduko duena. Horrez gain, garatzen dabiltzan Zaintzaren inguruko aholkularitza zerbitzua, Jazarpen laboralaren eta sexuagatiko jazarpenen aurkako protokoloa, Udal lurren baso kudeaketarako mahaia sortzeko lehen urratsak, Adineko pertsonen Kontseiluaren sorrera, belaunaldi ezberdinen artean sinergiak sortzeko egitasmoak edota Goienagusi-ko jarduna egonkortzeko hitzarmena dira epe laburrean gauzatuko diren beste proiektu batzuk.
Artolaren arabera, “Bergara hobe baten alde lan egiteko ilusioa daukagu udal gobernuan, eta, horretarako, azken lau urteetan bereganatu dugun esperientziatik tiraka jarraituko dugu. Proiektu eta egitasmo asko ditugu esku artean, eta horiek gauzatzeko konpromisoa daukagu”.
· Gorka Artola alkatearen adierazpenak: https://youtu.be/1SPkISQgwZI?si=cEegdg9QJDfFbIPg