Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2023-09-12 09:32
Laboratorium Museoaren atzealdean erortzear zegoen eraikin bat dago, iraganean zalditegia izandakoa. Orain, berriz, Bergarako Udalak berau birgaitu eta hileta zibilak eskaini ahal izateko obrak hasi ditu. Aurrekontua 202.120,82 eurokoa izango da eta lanek bost hilabetez irautea aurreikusi dute udal arduradunek.
Egurrezko egitura osoa berrituko da estalki berria sortzeko, eta, aldi berean, barrualdean komun bat eta biltegi bat sortuko dira. Estalkiaren azpian geratzen den espazioa erabat irekita geratuko da, alboko eraikinaren ondoko eremuan izan ezik.
Obren garapena ezagutu asmoz, Gorka Artola alkateak eta Markel Azkargorta Lurralde zinegotziak bisita teknikoa egin dute astelehen honetan. “Tokatzen zaigun arte askotan oharkabean pasatzen den gai bat da hau, baina egia da geroz eta bergarar gehiagok helarazi digutela gure herrian hileta zibilak ospatzeko gune egoki bat behar genuela. Herri laiko batean bizi garen heinean, horrelako espazioak beharrezkoak dira”, adierazi dute Artolak eta Azkargortak.
2010ean Udalbatzak hileta edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza onartu zuen, eta horrelako ekitaldiak garatzeko leku bat ahalbidetu zuen: Santa Marina eliza ondoan, Gaur egun adibidez, Bergaran hileta zibiletarako leku bakarra dago, Oxirondo plaza eta Katabia kale bitartean, Santa Marina eliza ondoan. Artola eta Azkargortaren iritziz, “herritarren eskura dagoen baliabide bat da, baina nahiko leku hotza da zenbait ekitalditarako. Orain, Zalditegiko obra hauekin, baliabide egokiago bat eskainiko diegu bergararrei”.
Espazio berri honekin batera, 2010ean onartutako ordenantza berritzea da helburua, eta, horretarako, gobernu taldeak dagoeneko badu esku artean ordenantza berri baterako zirriborroa.