Enviado por Bergarako Udala en Vie, 2023-07-21 15:45
Obrak bukatuta, Bergarako Udalak Labegaraietako ur txorroten parkea ireki berri du. Gauzak horrela, ur jolasen bigarren parkea izango du asteburu honetatik aurrera Bergarak, Agorrosingo kanpoko igerilekuetako espazioari Labegaraietako kiroldegi ondoko lurretakoa gehituko baitzaio. Sarrera librekoa izango da azken hau.
Udal gobernuak bere Legegintzaldi Planean aurreikusitako proiektua izan da ur txorrotena, bergararren eskaerei erantzunez. Lanak bi hilabetez luzatu dira.
“Bergararrei aisialdirako eskaintza berriak eskaini nahi dizkiegu, eta ur parke berri hau helburu horrekin eraiki dugu. Kokaleku ezberdinak aztertu ostean, gunerik egokiena Labegaraietakoa zela ondorioztatu genuen, eta, bide batez, auzotarrek aspaldian egindako proposamen bati erantzun diogu”, adierazi dute Gorka Artola alkateak eta Ainhoa Lete alkateordeak.
271 metro karratuko azalera hartuko du aisialdirako ekipamendu berri honek Labegaraietako modulu zabalduaren ondoan dagoen egungo belardi eta hormigoizko zolatan. Ur-txorrotekin bustitako eremuak, berriz, 160 m2 izango ditu, eremu lehorrerako gordetako 1,5 metroko zabalerako kanpoko perimetroa utziko baita. Horrela, haizeak uraren efektua desbideratzen duenean, ez da parkearen kanpoko puntuetan zipriztinduko.
Jolas irisgarriekin eta espezifikoekin diseinatu da adin-tarte bakoitzerako. Txikienentzat, ur-ehundura leunak eta erraz erabiltzeko moduko atrakzioak dituen espazio bat prestatu da. Bigarren eremu bat, familiei zuzendutakoa, bat bateko jokorako eta manipulaziorako pentsatuta dago, eta nagusienei zuzendutakoak emari eta presio handiagoko aparatuak hartuko ditu.
Orain izango duen hedadura aurrera begira zabaltzeko aukera ere badago. Izan ere, eremu horretan egon zen industria jarduerak eraginda, lurrak tratatu egin behar dira beste jarduera batzuetara bideratzeko, orain arte egiten ari den moduan.