Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2023-04-11 12:54
Errenta aitorpena egiteko epea zabaldu berri da, eta Bergarako Udalak euskaraz egitera animatu nahi ditu herritarrak. Horretarako, informazioa jasotzen duen esku-orria banatu du etxeetan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera 2021eko errenta aitorpena bergararren %29k egin zuen euskaraz. 2006. urtetik 19 puntu egin ditu gora errenta aitorpena euskaraz egin duten herritarren kopuruak. Oraindik pausoa ematera animatu ez diren bergararrak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu nahi ditu Udalak. Era horretan, euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen baita.
Errenta aitorpena egiteko hiru modu daude (autolikidazio proposamena, mekanizatua eta internet bidezkoa) eta guztietan erabili daiteke euskara.
Apirilaren 3tik ekainaren 30era aurkeztu behar dira aitorpenak. Hitzordua eskatzeko, kontsultak egiteko eta argibideetarako: 943 113 000, Bergarako Ogasuneko Bulegoa (Toki Eder 5) eta gipuzkoa.eus.