Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2023-03-14 16:50
Ur-jolasen bigarren parke bat izango du Bergarak, Agorrosingo kanpoko igerilekuaren eremuan dagoenari Labegaraietako kiroldegi ondoko lurretan eraikiko dena gehituta. Sakonerarik gabeko ur-txorrotak izango dira. Sarrera libreko lehena izango da.
Bergara izan, bizi, ekin planean aurreikusita zeukan Udal Gobernuak, eta herritarrek egindako eskaerari erantzutera dator proiektua. Herrian kokaleku desberdinak aztertuta, Labegaraietakoa da egokien baloratu dena eta une honetan egingarria. Gainera, kiroldegiaren inguruan urari lotutako jarduerak sortzea ere eskatu izan dute auzotarrek eta eremuaren antolaketaren inguruan egindako hausnarketak ere hala jaso zuen.
Proiektu teknikoa idatzita dago, 'Imara lngeniaritza, SL' enpresak egin du, eta parkea gauzatu nahi duten enpresek apirilaren 3ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Aurrekontua 290.192,78 euro (BEZa barne) da.
Bero handiko egunak arintzeko eta askotariko jolasak
Uda sasoian bero handiko egunetan freskatzeko balioko du guneak, baina baita ur-jolasekin gozatzeko. Izan ere, askotarikoak dira aurreikusten direnak eta adin tarte desberdinetako pertsonen nahiak asetzeko modukoak.
271 metro karratuko azalera hartuko du aisialdirako ekipamendu berri honek Labegaraietako modulu zabalduaren ondoan dagoen egungo belardi eta hormigoizko zolatan. Ur-txorrotekin bustitako eremuak, berriz, 160 m2 izango ditu, eremu lehorrerako gordetako 1,5 metroko zabalerako kanpoko perimetroa utziko baita. Horrela, haizeak uraren efektua desbideratzen duenean, ez da parkearen kanpoko puntuetan zipriztinduko.
Jolas irisgarriekin eta espezifikoekin diseinatu da adin-tarte bakoitzerako. Txikienentzat, ur-ehundura leunak eta erraz erabiltzeko moduko atrakzioak dituen espazio bat aurreikusten da. Bigarren eremu bat, familiei zuzendutakoa, bat-bateko jokorako eta manipulaziorako pentsatuta dago, eta nagusienei zuzendutakoak emari eta presio handiagoko aparatuak hartuko ditu. Guztira, parke horri 25 jolas-elementu ematea proposatzen da: aspertsoreak lurzoruaren arrasean jarrita, ur-efektuak hautseztatze indibidualekin, biratzen duten bi gortina, elkarren kontra talka egiten duten eta euri-hodei freskagarri bat sortzen duten zurrustak, eta ur-sekuentzia aktibatzeko sistema bat, kontsumoa erregulatzeko eta behar ez den gastua murrizteko.
Orain izango duen hedadura aurrera begira zabaltzeko aukera ere badago. Izan ere, eremu horretan egon zen industria jarduerak eraginda, lurrak tratatu egin behar dira beste jarduera batzuetara bideratzeko, orain arte egiten ari den moduan.
Uraren tratamendua
Uraren egoera kontrolatzeko eta jolasetara bultzatzeko instalazio-gela kiroldegiaren barruan kokatuko da, esku hartuko den eremuaren ondoan. Horrela, balbula-kolektorea hodi baten bidez elikatuko da, Labegaraietako kirol-ekipamenduan dagoen ur-hornidurako sare orokorretik.
Ur-txorrotetan erabiliko den ura kudeatzeko hiru aukera aztertu dira. Batetik, ura jolas parkean bertan berrerabiltzeko sistema ezartzea, bestetik erabilitako ura beste jarduera batzuetarako berrerabiltzea, eta bestetik, ur-emari galdua izatea. Hasiera batean azkena erabiliko da, izan ere, parkea lehenago martxan jartzea ahalbidetuko du, azpiegitura-lanak ez dira egin behar (beste aukera martxan jartzeko, aurretik azaldu bezala lursailaren garbitzea egin behar da) eta elektrizitate kontsumoa txikiagoa izateaz gain, kimikoen erabilera guztiz ekiditen da, besteak beste. Aitzitik, ura ez da berrerabiltzen. Aurrera begira, ordea, ura beste jarduera batzuetarako erabili ahal izateko instalazioa egingo da, kale garbiketarako edo ureztatzeko erabiltzeko, adibidez.
*Irudia: Imara lngeniaritza, SL