Asko eta askotarikoak dira Bergarako hainbat eragilek martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan antolatu dituzten ekimenak. Gaur, martxoak 3, Aroztegi aretoan zabalduko den Bergarako emakume artisten erakusketarekin abiatuko dira ekimenok. Irekiera ekitaldia 19:30ean egingo da. Hilaren 19ra arte egongo da ikusgai 'Emakumea eta hitza' izeneko erakusketa

Formatu desberdinak erabiliz egingo da aldarrikapena. Ez da faltako martxoaren 8an mugimendu feministak antolatutako mobilizazioa, San Martin plazatik abiatuko da 19:30ean Martxanterak talde feministak deitutako manifestazioa. Horren aurretik, 18:00etan, hurrengo mahai-inguruak egingo dira: justizia feminista eta “si es si”; zaintzak, erregularizazioa eta pentsio duinak; herri bizixen alde, begirada ekofeministak. 

Dantza, zinema, bazkaria, musika, mahai-inguruak... egingo dira, emakumeen eskubideen aldarrikapena edukiz betez, izaera ludikodun emanaldiak ahaztu gabe. 

Eragile askok antolatu dituzte ekimenak mugimendu feministaz gain. Esaterako, herriko ikastetxeetan egunotan gaia landuko dute modu askotara, esaterako, erakusketak eginez, leloak asmatuz, erreferenteak ezagutuz, mosaikoak egiten... Ludotekan eta Txapligun ere egingo dituzte jarduera bereziak. 

Pentsiodunen mugimenduak, Bedelkar elkarteak, Udalak bezala, mugimendu feministaren mobilizazioekin bat egingo dute. 

Mugimendu feministak aurten zaintzaren gaiari emango dio zentralitatea. Ildo horretan mozioa onartu zuen Bergara Udalbatzak otsailaren 27an egindako ohiko osoko bilkuran. Bertan esaten du, esaterako, zaintzaren krisiaren aurrean “erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, eta ezinbestekoa da, eremu hau ere horretara aktibatu eta soluzio berriak mahai-gaineratzen hastea. Errealitate gordin horren aurrean, gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz”, eta Udalak hainbat konpromiso hartu ditu ildo horretan. 

Bertan adostu zuen, halaber, martxoaren 8rako erakunde adierazpena

 

Departamento: