The Clayton talde aramaioarrak irabazi du V. Danbaka Musika Lehiaketako Sari Nagusia. Beste bi sarituak honako hauek izan dira: Aiert Alberdi bakarlari oñatiarrak jaso du Publikoaren Saria eta Letagin oñatiarrentzat izan da Ekinez-Goiena Saria.

The Clayton taldeak disko bat grabatzeko aukera izango du, horrenbestez. Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten du. Aiert Alberdik, berriz, bideoklipa grabatzeko aukera izango du –Bergarako Udalak babestutako saria–. Eta Letaginek parte hartuko du aurtengo udan Bergaran bigarren urtez egingo den Ekinez jaialdian –Ekinez jaialdiak babestutako saria–.

Hiru finalista agertokian

Ostiralean, urtarrilak 13, jokatu zen Danbakako Finala, Bergarako Seminarixoa aretoan. Hiru finalista izan dira agertokian: Aiert (Oñati), Arragoa (Bergara) eta The Clayton (Aramaio). Epaimahaiak, azkenean, The Claytoni eman dio Danbakako talde onenaren saria. Aretoa beteta zelarik, proposamen ezberdinak eskaini dituzte hiruek, hasi pop melodia berezi eta sentikorrenetatik, pop-folkerantz eginez eta rock-and-roll doinuez amaituz.

Debagoieneko hogei taldek hartu dute parte Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioan. 2010ean jokatu zen azkenekoz lehiaketa, eta berriro berreskuratu du Goiena Komunikazio Taldeak, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Urritik abendura bitartean bost kontzertutan aritu dira Seminarixoko agertokian hogei taldeak. Bart izan da azken kontzertu berezia, finala.

V. Danbaka Musika Lehiaketako sariak

Sari Nagusia. Disko baten grabaketa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak babestuta: The Clayton (Aramaio). Danbakako epaimahaiak aukeratuta. Monika Belastegi Goiena Taldeko presidenteak eman die saria.

Publikoaren Saria. Bideoklip baten grabaketa. Bergarako Udalak babestuta: Aiert (Oñati). Publikoak aukeratuta. 2.000 boto baino gehiago jaso dira eta Aiertek boto guztien %15,82 jaso ditu. Kristina Markina Bergarako Udaleko zinegotziak eman dio saria.

Ekinez-Goiena Saria. Ekinez jaialdiak babestuta. Ekinez jaialdian parte hartzea. Letagin (Oñati). Danbakako epaimahaiak aukeratuta. Julen Iñarra Ekinez Elkarteko kideak eman die saria.

The Clayton taldeko abeslariak, Jokin Larrañagak zera adierazi du saria jaso ostean: “Oso albiste pozgarria da. Bigarren diskoarekin lanean gabiltzala, ezin hobe datorkigu saria. Furgoneta erosi beharraz ari naiz beti taldekideekin eta uste dut gertuago daukagula furgoneta sari honi esker. Finala ederra izan da. Jende asko egon da eta publikoak une ederrak eskaini dizkigu guri. Danbaka sekulako aukera izan da. Hasieran ez genekien zer izango zen eta konturatu gara asko eman digula Danbakak: zuzeneko bi, grabaturik, sustapen handia…”.

Iñigo Ugarte epaimahaiko kideak, berriz, hauxe: “Erabakia hartzea ez da oso zaila izan da. Hiru talde, askotarikoak, eta erabakia zaila. Epaimahaia anitza izatera, azken erabakia asko kostata hartu dugu. Zuzenekoak erabaki du. Oso zuzeneko ona eskaini dute irabazleek, hasieran kosta egin bazaie ere. Oso talde landua da, gitarren aldetik batez ere, jarrera bikaina duena agertokian”.

Azkenik, Jokin Bereziartua Danbakako koordinatzaileak, zera adierazi du: “Gau ederra izan da. Dena ondo atera da finalean: hiru talde oso ezberdinak, emanaldi bikainak. Aierten ahots gozoa; Arragoak, berriz, oso ondo prestatutako zuzenekoa eskaini du, folka oinarri. Eta, irabazleak, The Clayton, rock and rolla, erraietatik. Balorazio borobila, hamarrekoa, finalari eta Danbakari dagokionez”.

 

 

 

 

Departamento: