Oraingo ostiralean izango da Danbaka Musika Lehiaketako finala, hilaren 13an. Hiru talde ariko dira Bergarako Seminarixoa aretoko agertokian, 21:30ean hasita: Oñatiko Aiert bakarlaria, Bergarako Arragoa eta Aramaioko The Clayton. Artista gonbidatu bat ere izango da: DJ Gela. 

Debagoieneko hogei taldek hartu dute parte Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioan. Askotariko musika proposamenak, bost ostiralez, urriaren 14tik abenduaren 16ra bitartean, Seminarixoa aretoan antolatu diren zuzenekoetan. Eta epaimahaiak hiru aukeratu ditu ostiral honetako finalerako: Aiert, Arragoa eta The Clayton. Horien artetik aterako da irabazle nagusia.

Ostiraleko finalean, talde bakoitzak 45 minutuko emanaldia egingo du. Horren amaieran, DJ Gelak alaituko du gaua, eta ostean egingo da sari banaketa.

Hiru sari

Hiru sari banatuko dira: batetik, Sari Nagusia, ostiraleko hiru proposamenen artetik epaimahaiak aukeratuko duena. Disko bat grabatzea izango da saria; bestetik, Publikoaren Saria, herritarrek, bozketa bidez, aukeratutakoa. Bideoklipa grabatzea; eta, azkenik, Ekinez Saria. Aurtengo ekainean bigarrenez Bergaran izango den Ekinez jaialdian jotzeko aukera izango du sarituak. 

Aiert (popa; Oñati)

Finalerako aukeratua izatea "sekulako sorpresa" izan da Aiert Alberdirentzat, lehiaketako bakarlari bakarrarentzat. Finalera begira, ordu erdi beharrean 45 minutu jotzeko gogotsu dago. "Abesti gehiago jotzeko aukera izango dut; 15 minutu gehiago egon ahalko naiz agertoki gainean" adierazi du oñatiarrak. Eta zera gehitu du ostiraleko kontzertura begira: "Sorpresarik ez dut aurreratuko, baina esan dezakedana da ikus-entzulea toki askotara eramaten saiatuko naizela zuzenekoan zehar".

Bestetik, epaimahaiak honako hau adierazi du azaroaren 11n egin zuen emanaldiari buruz: “Ikusleak gozarazi ditu Aiertek ahots benetan pertsonalarekin eta abesti hunkigarriekin. Gitarra lagun, erakutsi du badakiela agertokia ziurtasunez eta irmotasunez zapaltzen. Ibilbide oparoa aurreikus dakioke”.

Arragoa (pop-folka; Bergara)

Bergarako taldea bi familiaz osatutako zortzikotea da. Ostiraleko finalera begira, aurreratu dute abenduaren 16an egin zuten emanaldiaren ezberdina izango dela: "Ahal dela, ez dugu abestirik errepikatu nahi. Hasita gaude prestaketekin, beste ildo bati heltzeko. Kontzertua beste maila batera igotzeko saiakera egingo dugu. Berrikuntza interesgarriak egongo dira, ziur!".

Epaimahaiak, ostera, honako hau dio finalerako sailkatzeko balio izan dien emanaldiaren gainean: “Bi familia, bi belaunaldi eta musika letra larriz idatzita. Kalitatea, prisma guztietatik begiratuta, eta heltzeko gaitasuna. Hori guztia Arragoa definitzeko, folk abestien errepertorioa bikain aukeratu eta ezin hobeto gauzatu ostean. Gorputz handiko eta arima sakoneko emanaldia egin zuten”.

The Clayton (punka, rock-and-rolla; Aramaio)

Aramaioarrak ilusio handiarekin daude finalera begira. “Errepertorioa prestatzen ari gara eta kostatzen ari zaigu kantuak aukeratzea. Estiloan norabide berri bat hartu nahi dugu eta horregatik ez ditugu abesti zahar batzuk jo nahi; amaitu berri dugun abesti berri bat joko dugu Danbakan estreinakoz", aurreratu dute.

Urriaren 14an Danbakari hasiera eman zion kontzertuan jo zuten aramaioarrek. Emanaldi hartan The Clayton taldeak eskainitakoari buruz zera esan du epaimahaiak: “Danbakaren bosgarren edizio honetako zuzeneko onena. Jarrera, teknika eta kantu landuak. Bailaran ohikoak diren distortsio indartsuetatik aldenduta, rock-and-rollaren erraietara jo dute aramaioarrek”.

Artista gonbidatua: DJ Gela

45 minutuko kontzertuak eskainiko dituzte ostiraleko finalean Aiert Alberdik, Arragoak eta The Claytonek. Horren ostean, eta epaimahaiak irabazlea aukeratu bitartean, DJ Gela artista murtziarrak dantzan jarriko ditu Seminarixoan batutakoak. 

Danbakak izan du bost kontzertuetan chil out gune bat aretoaren kanpoaldean eta hor hainbat emanaldi antolatu dituzte, baita DJenak ere. Oraingorako, izen handiko bat gonbidatu dute antolatzaileek: DJ Gela. 

Murtziarrak eskarmentu handia du. Sonar jaialdi ospetsuan eta Razmatazz, Corsica Studios, Wilden Renate eta Dabadaba aretoetan aritua, besteak beste. Aacid housea, techno beroena, brasildar erritmoekin uztarturik… Danbakan ez du inor geldi utziko. 

Sarrerak, bertan salgai

Sarrerak 4 eurotan salduko dira. Baina Goienakide direnak doan sartu ahalko dira, Goienaaplikazioa erakutsita. Eta, bestalde, Goiena aplikazioa jaitsita eta instalatuta duen orok 2 euro bakarrik ordainduko du sartzeko. 

Sanprubusa

Finala 21:30ean hasiko bada ere, 20:00etan irekiko dute chil out gunea San Martin plazan, Seminarixoaren kanpoaldean. Eta bertan izango da, beste behin, Sanprubusa ere, bestelako ostalaritza zerbitzua eskaintzen. Horretaz gain, agertokiaren barruan ere tabernatxo bat egongo da, aurreko kontzertuetan bezala. 

Departamento: