Bergarako Orkestra sinfonikoak kontzertua egingo du azaroaren 12an, zapatua, 20:00etan Mariaren Lagundiaren elizan. Santa Zezilia egunaren testuinguruan egingo dute emanaldia, eta sarrera doan da.

"Beti bezala, denerako estiloak jorratuko dituzte", aurreratu dutenez.

"Alceste" operaren oberturarekin zabalduko dute, Christoph W. Gluck-ena. Euskal musikarentzat lekua ere izango da, Jesus Guridiren, "10 melodías vascas"-en hautaketa batekin.

Balleteko musika ere bai, Aram Khatchaturian-en "Spartacus"-eko adagioarekin.

Munduko folk musika ere izango da. "3 suediar polska", herrialde hartako dantza herrikoietan oinarritutako Enrike Txurrukaren moldaketa bat.

Eta bukatzeko, AEBetako 1950 hamarkadako estilora eramandako tango bat, "Blue tango", Leroy Andersonena.

Aipatzekoa da, baita ere, musika eskolako 5 musikari gaztek debutatuko dutela orkestran: Maddi Arando biolajolea, eta Miren Elorza, Alazne Suinaga, Lander Mujika eta Beñat Azkargorta biolinjoleak.

Departamento: