Ekainaren 28an ospatzen den LGBT+ harrotasunaren egunaren testuinguruan adierazpen instituzionala onartu du Bergarako udalbatzak bezperan egindako osoko bilkuran. Horrekin batera, egunotan, hainbat lanketa egin ditu gaiari lotuta. Batetik, eta orain dela urte batzuk abiatutako bideari jarraituz, hainbat merkatari eta ostalariek haien establezimenduak 'gune anitz' izendatu dituzte eta hori adierazten dituzten itsaskorrak jarri. Bestetik, Bergarako udal liburutegiak, berdintasunaren gaiari lotuta duen liburuen sorta handitu du, eta herritarrentzako eskuragarri jarri ditu LGBT+ gaia lantzen dituzten liburuak, bai helduentzat, eta baita haur-gaztetxoentzat ere.

Hau da Bergarako udalbatzak ekainaren 27an egindako osoko bilkuran onartu duen adierazpen instituzionala:

LGBT+ BIZITZEK BALIO DUTE

Maiatzaren 17an, LGBT+fobiaren kontrako egunean esaten genuena errepikatzen dugu ekainaren 28an, LGBT+ harrotasunaren egunean. Harro gaudelako gure bizitzez, harro gure bizi historiaz, harro LGBT+ mugimenduaz.

Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituen honetan, inoiz baina garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGBT+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.

Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Bergarako herriari gonbita egiten diogu LGBT+fobiaren aurrean, herritarren askatasun eta aniztasuna defenda dezan. Bestalde, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa dugu. Izan ere, gizarte anitz honetako kide guztioi eragiten digu aferak, eta denoi dagokigu borrokan parte hartzea.

Honetaz gain, dei egiten dugu ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko. Bergarako Udaleko balkoian LGBT bandera jarriko da ekainaren 28an ikusgai egon dadin. Eta amaitzeko, LGBT+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako. Gure bizitzek balio dutelako, gora ekainaren 28a!

Departamento: