Enviado por Bergarako Udala en Mar, 2022-03-01 14:09
Ohiko batzarra egin du Bergarako osoko udalbatzak otsailaren 28an. Bertan onartu da 'Bergara 2030 Egin Herrixa' plan estrategikoa. Udal Gobernuaren bozeramale Nagore Iñurrategik azaldu duenez, “plan hau egiterakoan, Agenda 2030ek ezarritako helburuak hartu dira kontuan, garapen jasangarrirako helburuak, hain zuzen ere. Garapen jasangarrirako helburu horiek, barne hartzen dituzte, besteak beste, pobrezia, klima larrialdia, genero berdintasuna, hizkuntza eta kultura aniztasuna, industriaren garapena…”.
Iñurrategik esan duenez prozesuan lehenik zelako Bergara nahi duten herritarrek adostu da, eta ondoren 5 helburu estrategiko finkatu dira, horietako bat da: “herritarren ongizatea bermatuko duen eta herritarren arteko lankidetzaren zein zaintzaren baloreak sustatzen dituen gizartea eraikitzea.” Ondoren zehaztu dira helburuetara heltzeko ekintzak. Plan estrategikoa 2030erako bidea markatuko duena izatea da asmoa bozeramaleak azaldu duenez.
Herritarren batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberrik, bestalde, prozesuan herritarrek eta eragileek izan dute parte-hartzea nabarmendu du, eta “prozesu honetan parte hartu eta lan egiteko prestutasuna azaldu duten guztiekin” egin dela lanketa gehitu du. “Denek egin dute baliozko ekarpena” Aranberriren ustez, eta eskerrak eman dizkie parte hartu duten pertsona guztiei.
Plana onartzeko bozketan EH Bilduk (9 boto) alde bozkatu du, EAJ-PNVk (6 boto) kontra eta PSE-EE (boto 1) abstenitu egin da.
Beste gaiei dagokionez, adibidez, Agorrosingo futbol zelaiko lanak egin ahal izateko BKEren maileguaren eta bi finken dohaintza arautzen dituen hitzarmena aho batez onartu du udalbatzak. Puntu honetan, Kiroletako zinegotzi Aitor Aranzabalek alde guztien borondatea eskertu du, hala lortu baita proiektuak aurrera egitea. Bestetik, “dohaintza honekin herriak lursail bat irabazten du, eta bertan futbolerako baldintzak hobetzeaz gain, irabazten diren m2etan herriko kirol eskaintza ezberdinen biharrak asetzeko aukera” egongo dela nabarmendu du.
Aho batez onartu dira, halaber, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 46. urteurrenaren testuinguruan haren aldeko adierazpen instituzionala, martxoaren 8a dela-eta udal taldeek aurkeztutako adierazpen instituzionala, eta kontsumitzaile zaurgarriei arreta pertsonalizatua ematearen inguruan udal taldeek aurkeztutako mozioa.
Ukrainako egoera ere izan dute hizketagai batzarrean. Hiru taldeek adostu dute batzarrera adierazpen bateraturik eraman ez dutenez, eta aferak duen garrantziagatik, datozen egunetan gaia elkarrekin lantzea adostasuna lortzeko helburuarekin.
Batzarraren bideoa Udalaren Youtube kanalean dago ikusgai.