Bergarako udalbatzaren ohiko osoko bilkura egin da martxoaren 29an. Herriko enpresekiko eta bertako langileekiko konpromisoa berretsi du Udalak onartutako mozio baten bitartez.

EAJ-PNVk Bergarako Sortuk orain aste batzuk egindako adierazpenen inguruan mozioa aurkeztu zuen. Udal Gobernuak mozio alternatiboa aurkeztu eta hau onartu zen EH Bilduren aldeko botoekin (9), PSEren (1) abstentzioarekin eta EAJ-PNVren (6) kontrako botoekin.

Onartutako mozioan, besteak beste, osasun pandemiak eragindako kalteei erreferentzia egiten zaie, ildo horretan dio: “sektore askotan pertsona askoren lan baldintzak okertu egin dira eta horietatik batzuk lanik gabe geratu dira. Bergarako Udalak hauekiko elkartasuna adierazi nahi du”, eta enpresei eskaera zehatza egiten die ,“ahalegina egin dezaten lanpostuei eusteko eta hori posible ez denean bermatu ditzaten langileen eskubideak”.

Bestetik, garai zail honetan herriko hainbat enpresek izan duten ekintzailetasuna aipatzen du testuak, egoera birbideratzeko izan duten gaitasuna nabarmenduz, eta “Udalak bide hori jorra dezaten gonbidatu nahi ditu herriko enpresak”, dio.

Herriko enpresek ekoizten dituzten produktuak kontsumitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, halaber, eta horrela egiteko deia egin die herritarrei.

Konpromiso zehatza hartu du udalbatzak: “Udal honek Bergarako enpresa eta langileekiko konpromisoa berresten du eta ildo horretan lanean jarraituko dugu, Enpresare eta FEX bezalako foroetan parte hartuz eta udal jarduna eta baliabideak herriko sustapen ekonomikoa indartzera bideratuz”.

Mendia Bizirik Pol-Pol elkarteak, “ingurumenean sortzen duten eragin desegokiak ikusi ondoren, Bergarako mendietan eukalipto landaketak debekatzeko eskaera” egin zuen mozio bidez eta hala onartu zen EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ-PNV eta PSEren kontrako botoekin.

Honen bidez, Bergarako Udalak konpromisoa hartu du lurrarentzat eta bioaniztasunarentzat kaltegarriak diren espezien landaketa saihesteko bere esku dagoena egiteko. Eusko Jaurlaritzari Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoa eratu dezan eskatzeko. Bestetik, GFAri baso politikak alda ditzan eskatzeko konpromisoa ere hartu du eta azkenik, lur-jabe eta baserritarrentzat laguntza eta aholkularitza sustatzea.

Beste gai batzuk ere landu dira, hala nola, aho batez onartu ditu udalbatzak Tellaetxe 16an gasolindegia eriki ahal izateko beharrezkoak dituen lursailak udalari erosteko 'Euskofuel SL' enpresak egindako eskaera eta kontuen batzorde bereziaren osaera.

Elena Lete EAJ-PNVren bozeramaleak dimisioa eman du eta osoko bilkuran aurkeztu zuen. Gorka Artola alkateak Udalean egon den urteetan egin duen lana eskertu zion era PSEren bozeramale Alberto Alonsok ere bere inplikazioa nabarmendu zuen.

Departamento: