Aurtengo udako aisialdi eskaintza COVD19-ak erabat baldintzatuta egon da. Ohiko eskaintza aurrera eramateko ezintasuna izan du Udalak, Jaurlaritzatik gehienezko kopuruak zehazten zirelako. Egoera horren aurrean Udalak herri mailako eskaintza adostea proposatu zien herriko ikastetxe guztiei, guraso elkarteei eta Jardun elkarteari. Udala garatzen ari den Plan Integralaren barruan lehentasunak izan dira, baita ere, umeen udako aisialdia, umeen zaintza eta familien kontziliazioa bermatzea.

Hala, Udalak, eskolak, guraso elkarteak eta Jardun-ek Uda Aktiboa programa antolatu dute. Udalak 6-11 urteko haurrentzako eskaintza gauzatuko du eta ikastetxeek 2-6 urte artekoena. Guztira, 252 haurrek parte hartuko dute aisialdiko programa desberdinetan, baina inoiz baino banatuago egongo dira:

-Udalarekin 132 umek parte hartuko dute; Angiozar eta Osintxun ere egongo dira taldeak.

-Eskolek guztira 120 ume hartu dituzte.

Haurrak ikastetxe desberdinetan banatuta egon arren, eskaintza hau elkarlanean gauzatu da. Udalak alde batetik, eta eskolek, Udalaren laguntzarekin, garatutako udako aisialdi programa dugu hau.

Bestalde, gaztetxoentzat, Gazteleku zerbitzutik talde txikietan udako aisialdi eskaintza antolatzen ari dira; ideiak jaso dituzte, laster eramango dute aurrera.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie eskolei, herriko guraso elkarteei eta Jardun elkarteari momentu zail honetan elkarlanean udako aisialdi programa aurrera eramateko erakutsitako prestutasunagatik. Baita herriko haur eta familiei, egoera honek suposatzen duen esfortzua ulertu eta errealitate berri honetara egokitzeko erakutsi duten jarreragatik.

Guraso askok, aforo mugen jakitun, beste alternatiba batzuk bilatu dituzte behar gehiago dituztenei lekua lagatzeko. Horiei ere eskerrak eman nahi dizkie Udalak.

Udaletik, beste behin ere herriko haur, gazte eta familiak aisialdiaz eta jolasaz disfrutatzera gonbidatu nahi ditugu. Lagunekin, auzokoekin, etxekoekin… aire librean gozatzera. Bergaran jolaserako gune ireki ugari daude; erabili ditzagun ondo pasatu eta jolasteko.

Departamento: