Gorka Artola alkateak Udalaren ekimenen inguruko bideo jakinarazpena egin du. Ikusi hemen.

Bergararrok erantzunkizunez jokatzen jakin dugu eta Covid19ren hedapenari zuhurtziaz aurre egiten gabiltza.

Alarma egoerari aurreratu zitzaizkion Bergara eta Bergarako Udala, eta neurriak hartzen lehenengoetakoak izan ginen, Udala berrantolatzen eta behar berriei begira jartzen, arreta eta gizarte zerbitzuak indartzen eta desinfekzioa hasten. Alarma egoera ezarri zenean, urgentziazko beharrei erantzuten jakin genuen herri bezala. Zaintza sarea osatu zen eta Elikagai Bankuarekin eta Caritasekin elkarlanean oinarrizko elikagaiak herritar guztien eskura egotea bermatu da. Larrialdiko laguntzak sortu dira, baliabide propioak izateko zailtasuna zuten eskola-umeei Internet konexioa eta eskola materiala bermatu zaizkie. Bergarar guztien oinarrizko arreta izan da helburu nagusienetako bat eta hala izaten jarraituko du.

Egoera oso berezia eta gogorra izan dugu, arlo sanitarioan, sozialean, ekonomikoan. Egoera honi buelta eman eta herria biziberritzeko aurrera begira dago Bergarako Udala, eta egoera berezi honi aurre egiteko Plan Integrala lantzen ari garela aurreratzen dugu. Arlo guztiak ukituko ditu plan horrek: ekonomia, oinarrizko beharrak, kultura, aisialdia… eta Udalak dauzkan baliabideak horretara bideratuko ditugu.

Covid19 aren krisiari aurre egiteko Plan integral horren lehen neurriak dira aurreko astean ekonomiaren berraktibaziorako aurkeztu genuen neurri sorta. Tartean itxita egon diren negozioak berriz martxan jartzeko dirulaguntzak eta terrazak handitzeko aukera, tasa batzuk hobaritu edo bertan behera lagatzeko aukeraz gain.

Bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuek egoera berrian egokitzeko duten urgentziaz jakitun aurreratu dugu Arlo ekonomikoko lehen neurri sorta hau. Plan Integralak, ordea, herriko arlo ezberdin guztiei erantzuteko neurriak jasoko ditu, arlo sozialean, kultura eta zaintza, hezkuntza eta aisialdia.

Plan Integrala garatzeko, ordea, elkarlana nahi du Bergarako Udalak. Herriko eragile, norbanako eta enpresak entzun nahi ditugu. Udalbatzako alderdi guztien proposamenak batu nahi ditugu. Denon ahotsarekin osatu nahi dugu plana.

Udarako ildo nagusiak izango ditugu, eta lanean etenik gabe gabiltza. Datozen egun eta asteetan, hainbat eragilerekin harremanetan jarriko gara euren proposamenak jasotzeko. Datozen hilabeteei nola aurre egingo diegun asmatu beharko dugu, eta horretarako elkarlanean jardun beharko dugu ezinbestean.

Bukatzeko, aipatu nahiko nuke, hasieran esan dudan bezala, bergararrok erantzukizunez jokatzen jakin dugula. Baina ez dezagun ahaztu birusaren mehatxuak hor jarraitzen duela eta herritarrok orain arte lortutakoan atzera egin dezakegula arduraz ez badugu jokatzen; hortaz, deseskalatze fase honetan ere ez gaitezen erlaxatu. Jokatu dezagun erantzukizunez!

Egin deigun herri, guztion artean!

Departamento: