Maiatzaren 25ean, astelehena, bueltan izango da Debagoieneko OSIko Etengabeko Arreta Gunea zerbitzua Bergarako anbulategira.

Covid19 birusaren zabalkundearekin bat, zerbitzu hori Bergaratik Debagoieneko Eskualdeko Ospitalera, Arrasatera, eraman zen pandemia horren gaixo guztiak artatzeko.
 
Ezohiko egoera hartan behar beharrezko neurria omen zen, eta egoerak hobera egin ahala zerbitzua itzultzeko ahalegina egin zedin eskatu zuen Bergarako Udalak. Etengabeko osasun artatzea Bergaran bertan izatea bergararrontzat zein garrantzizkoa den jakitun egoeraren jarraipena egin da Udaletik eta ahal bezain laster zerbitzua berrezartzea eskatu.
 
Debagoieneko Eskualdeko Ospitaleko eta orokorrean euskal osasun sistemako baldintzek hobera eginda, datorren astelehenetik aurrera zerbitzua lehengo moduan emango da gure herrian, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 08:00etara; eta asteburuetan 24 orduz.
 
Deseskalatze faseek jarraitu bitartean aholkua da ahal den guztietan behintzat aldez aurretik telefonoz deitzea.
 
Era berean, Osakidetzatik gogorarazi dute urgentzia arin edo atzeratu ahal direnak ohiko osasun zentroan artatuak izan beharko direla. Eta zerbitzu honetara bideratu beharko dira soilik arinak ez diren edo atzeratu ezin diren urgentziak.
Dena dela, telefono bidezko arreta 24 ordutan bermatuta dago 943 035400 zenbakian.

 

Departamento: