Ekainak 28, LGTBI+ harrotasun eguna da. Kolektiboaren ikusgarritasuna bultzatu eta eskubideak aldarrikatzeko asmoz, Udalak aste osoko programazioa antolatu du Bergarako Harrotasuna taldea eta Euskadiko Gazteria Kontseiluarekin batera. Ikusgarritasun horri indarra emateko, astelehena 24tik hasita, astebetez ortzadarraren bandera eta hiruki arrosa egongo dira Udaletxeko balkoian. Argibide moduan: hiruki arrosa, Euskal Herriko Gay-les Askapenerako Mugimenduak ateratako bandera bat da, naziek kontzentrazio esparruetan homosexualak bereizteko erabiltzen zuten irudia gogoan izateko.

Aurrekoarekin lotuta, herriko espazio, saltoki, elkarte, gune eta halakoetan ‘Gune Anitza’ zigilua jartzeko aukera martxan dago. Euskadiko Gazteria Kontseiluarekin elkarlanean antolatutako ekimena izango da hau. Dakizuen bezala, zigiluak eskatzeko aukera dago berdintasuna@bergara.eus helbidera eskatuta, eta banaketa ekainaren 27an 15:00etan egingo da Munibe Plazan.

Garrantzitsua da indarrak batzea eta, horregatik, Bergarako Harrotasuna taldearekin batera, aste osorako ekintzen programazioa antolatu dugu. -Ekainak 25. 6-9 urteko haurrentzat ipuin kontaketa Maite Francoren eskutik. Udal liburutegian, 18:30ean.

-Ekainak 26. ‘Bar Bahar’ pelikularen emanaldia. Irizar jauregian, 19:00etan.

-Ekainak 27. Gune anitzen zigiluaren banaketa eta talde-argazkia. Munibe plazan, 15:00etan.

-Ekainak 27. Performancea. Irala kalean, 19:00etan.

-Ekainak 28. Bailarako mani-festa-akzioa Oñatiko herriko plazatik, 20:00etan.

-Ekainak 28. Pintxada ska-reggae-rocksteady, 22:30ean. Koordinadora TransMarikaBollo Feministak antolatuta. Oñatin.

Bergarako Harrotasuna taldea orain dela 2 urte sortu zuten hainbat herritarrek Agorrosingo zebrabideak ortzadarraren kolorez margotzeko burutazioa izan zutenean. Poliki-poliki lanean dihardute herrian LGTBI+ kolektiboaren ikusgarritasuna eta eskubideak aldarrikatzeko.

Harrotasuna taldekoek gonbidapen berezia egin diete herritarrei antolatutako ekintzetan parte hartzeko; eta bereziki ipuin kontaketara joateko txiki-txikitatik balore askeen transmisioa lantzeko. Era berean, aurreratu dute Oñatiko ekitaldia jai girokoa eta oso berezia izango dela. 

 

Adjuntos: 
Departamento: