Ekainaren 22an, larunbata, Katxalin jaia egingo da Domingo Irala kalean, 18:00ak eta 20:00ak bitartean.

Bertan izango dira Katxalinen tailerrak (bihotzak, beletak, panpinak, gorroak, barita magikoak...); dantza saio berezia Candem Town-en eskutik eta Musika.

Helburua da Katxalinek egiten duen lana ikusgarriagoa egitea, kalera ateratzea eta jai giroan erakustea.

Orain dela hilabete batzuk Katxalinek Bergara Bizi eta Bedelkarrengana jo zuen egiten duten lana modu alai eta jai giroko batean herritarrei plazaratzeko laguntza eske. Hala, Bergara Bizi-k eta Bedelkarrek formatua asmatu, Katxalinekoei azaldu eta borobiltzea erabaki zuten.

Era berean, Candem Town akademiak aspaldi dauka Katxalin elkartearekin harremana eta lotura; hainbat ekintza egin izan dituzte elkarrekin, eta hasieratik prest agertu zen.

22ko ekimenean herritarrek ikusi eta praktikatu ahal izango dituzte Katxalinek egin ohi dituen eskulanak; han izango dira Katxalin, Bedelkar eta Bergara Bizi-ko kideak tailerrak gidatzen.

Eta, bide batez, Katxalinen asmoa bada ere bazkide kopurua gehitzea. Hiru eragileek herritarrei gonbidapena egiten diete 22an Domingo Iralara hurbildu eta jai giroan Katxalinek egiten duen lanaren berri izan dezaten.

katxalin_jaia_2.pdf

 

Departamento: