Bergarako Udal Kirol Zerbitzuak abian du 2013ko uda kanpaina. Ia 40 jarduera/ordu eskaintza ezberdin egin dira eta eskaintza berrien artean Capoeira dago. Capoeira zer den jakiteko, egokiena frogatzea da, eta horretarako saio irekia antolatu du Kirol Zerbitzuak capoeira emango duen Senzala Euskadi Capoeira taldearen eskutik. Ekainaren 15ean, 12:00etan izango da Agorrosinen.

Capoeira jarduera fisikoa, musika eta kultura da. Capoeira adin eta maila fisiko guztietara egokitzen da, ume, gazte zein helduetara. Malgutasuna, koordinazioa, indarra eta erritmoa lantzen ditu eta mugimendu erritmikoz osatutako borroka arte ikusgarria da.

Uda Kanpainako eskaintzan, capoeira, gazte eta helduei zuzendurik dago eta soilik 2 txandan eskainiko da.

Ekintzak ezagutzea jarduera fisiko aukeraketa hobea egiteko bidea da, beraz, erakustaldian parte hartzera gonbidatuta daude jakinmina duten guztiak.

Udako kanpaina irekita

Irekia dago uda kanpainako jardueretan izena emateko epea eta oraindik plazak daude. Lehengo txandan eta txanda bakarrean izena emateko ekainak 11 bete baino lehen egitea komeni da eta bigarren txandan izena emateko uztailak 1 bete baino lehen. Izan ere, ekainaren 13an eta uztailaren 2an argitaratuko dira aurrera aterako diren taldeak urrenez urren.

Jarduerak, zozketa emaitzak eta aukeran dauden plazen argibideak www.agorrosin.net webgunean eta Agorrosingo idazkaritzan bertan.