Zorigaiztoko 2017ko urtarrilaren 16an Bolun jazotako lurjausiaren ostean, ingurune horri etengabe arreta jarri dio Udalak. Emergentziazko plana ezarri zuen, bizilagunei arreta eta babesa eskaini zitzaien, lurjabeekin batzartu zen Udala eta inguruneari soluzio onena emateko etengabeko lana egin du.

Udalak eskatuta, Ingek SLP enpresak gunearen azterketa geologiko-geoteknikoa egin zuen, edozein aktuazioren aurrean eman zitezkeen arriskuak neurtzeko. Eta behin hori eginda, 2018ko martxoan Udalak Ingek SLP eta Sestra SL enpresei mendi-hegala egonkortzeko proiektuaren idazketa esleitu zion.

Bitartean, proiektua lantzen joatearekin batera, eremuaren etengabeko ikuskaritza eta jarraipena egin da edozein aldaketa edo mugimendu jasoz gero, berehala erantzun ahal izateko. Eta, horrez guztiaz gain, sare dinamikoa ezarri zen. Sare honek segurtasuna %100ean bermatu du. Hala ondorioztatu ahal izan da joan den asteburuko lur mugimenduak nola gelditu dituen ikusita.

Orain proiektua idatzita, obrak hasteko moduan daude; eta eremuari behin betiko soluzioa eman ahal izango zaio. Horrekin batera, lurjabeekin hitzarmena sinatzera doa Udala eta zabalduko dira eremu horri bestelako erabilerak emateko aukerak; esaterako, ortu publikoak jartzea.

Prozesu luzea izan da eremu horren inguruko azterketa egitea; eta arrazoi horregatik Udalak eskerrak eman nahi dizkie Boluko auzotarrei hori jakinda izan duten pazientzia eta jarreragatik. Orain aukera guztiak tentu handiz aztertu ostean elementu guztiak mahai gainean daudela obrak lizitaziora ateratzeko moduan daude. Obren lehen fasea dagoeneko esleituta dago; 3S Geotech enpresak egingo ditu; eta beste bi faseen lanak esleitzeko prozedurak martxan jarri dira.

Lan hauen helburua da mugitutako hegala egonkortzea, bi eremutan (mugitu zena eta haren gainekoa) segurtasun neurriak biderkatzea; eta bidegorri-paseoaren plataforma egokitzea.

Lan horiek 3 fasetan egingo dira:

(1) Mugitutako hegalaren parean dagoen bidegorri-paseo plataforman segurtasuneko pantalla metalikoa ezarriko da (bigarren pantalla izango da hau).

(2) Mugitutako hegala egonkortuko da. Horretarako, mikropiloteak sartuko dira, ura bideratzeko kanala sortuko da eta lurrari hobeto eusteko zume zuriak (sauce mota bat) ere landuko dira.

(3) Mugitutako hegalaren alboko eremua egonkortzeko lanak.

3 fase/lan hauek banatuta kontratatuko dira, eta aurreikusitako aurrekontu totala 612.315 eurokoa da.

Asmoa da lehenengo fasea lehenbailehen egitea; eta 2. fasea, obra zibila, hain zuzen ere, uda parterako uztea eguraldiak lagundu ahal izateko. Behin eremu horretako aktuazioak bukatuta, hainbat aukera aztertzen ari da Udala: esaterako, bertan ortu publikoak jartzea.

Asmoa da obra honen gastua jabeen artean banatzea: hala, lur eremu handi baten jabe den Fundación Murua Balzolak %50 inguru ordainduko luke, jabe pribatuek kopuru sinboliko bat eta Udalak ia beste %50.

Obra horiek guztiak egiteaz gain, eta dagoeneko sareen bitartez segurtasuna bermatuta badago ere, jarraituko da eremuaren 'obskultazio' deritzon kontrol jarraipen zorrotza eramaten.

Departamento: