Bergarako Mugikortasun diagnostikoa egiteko lanean dabil Udala. Horren bidez, aztertu nahi da herrian dauden edo behar diren aparkalekuak, bergararrok eta bisitatzen gaituztenok dituzten desplazamendu ohiturak, bidegorrien erabilera, oinezkoen esparru eta beharrak… Informazio ahalik eta osatuena izateko Leber enpresa kontratatu du Udala. Enpresa honek Udalarekin adostutako inkesta bidaliko die astean 1.500 herritarrei eta horrekin bergararron beharren informazio osatuagoa lortuko da. Jakina, inkestaren hartzaileen artean bermatu da gizon eta emakumeen parekidetasuna, zein adin tarte desberdinak eta herriko toki desberdinetan bizitzea.

Prozesu honetan ere partaidetza bermatu nahi da. Horregatik, inkesta honetako emaitzak jaso ostean, herritarrentzat zabaldutako saio irekia antolatuko da.

Bi dinamika hauen bitartez jasotako diagnostikoak lagunduko dute mugikortasunarekin lotuta zuzendu beharreko indargune zein ahulguneak identifikatzen. Eta horri esker zehaztuko dira Mugikortasun Iraunkorreko Planak izango dituen helburuak; nolako Bergara nahi dugun.

Horregatik, berebiziko garrantzia dauka herritarron arazoak zehaztasunez detektatzeak, eta horretan funtsezkoak izango dira inkesta hau eta aurreikusita dagoen saio irekia.

Argitu nahi diren puntuen artean honakoak daude:

-Nola bizi dugu mugikortasuna Bergaran?

-Zerk funtzionatzen du ondo?

-Zein gabezia daude?

Eta aztertuko dira banan-banan:

-Trafikoa eta zirkulazioa.

-Aparkalekuak.

-Garraio publikoa.

-Hiritarren bizi kalitatea.

-Hirigintza politikan mugikortasunaren integrazioa.

-Ingurumen eta energiaren inbentario eta analisia (Co2 emisioak, kutsadura…).

-Trafiko istripuak eta bide gatazkatsuak.

1.500 etxetan jasoko dute inkesta, eta parte hartzen dutenen artean Bergarako negozioetan gastatzeko 150 euroko bi bono zozketatuko dira. Herritarren parte-hartzea oso garrantzitsua da, egingo den diagnostikoa ahalik eta zehatzena izateko.

Departamento: