Aurten ere Autorik Gabeko Eguna ospatu eta herri aktiboa izateko nahia azpimarratuko du Udalak hainbat ekitaldiren bitartez. Udalak osasuntsuagoa eta guztiontzat jasangarriagoa izango den bizimoduan sinisten du; eta helburu horretan bat egiten dute herriko hainbat eta hainbat taldek.

Aurtengoan herriko kirol taldeei gonbidapena egin zaie herri aktiboago eta osasuntsuagoa izateko nahia kalera ateratzeko; eta hala sortu da Kirola Kalera ekimena. Hori horrela izanda, Udalak eta kirol taldeek herritarrei gonbidatu nahi dituzte larunbatean, irailean 22an, Bideberrin, Fraiskozurin eta Seminarioko patioan antolatuko diren ekintzetan parte hartzera.

Honako taldeek parte hartuko dute ekimenean: Lokatza, Beti busti, Hanka Labanka, Burdinola, Ariznoa, Xake taldea, Shotokan karate, BKE eskubaloia eta saskibaloia. Horiekin guztiekin praktikatu eta horietaz ikasteko aukera izango da larunbatean herriko hiru gunetan, eta horretarako hainbat puntutan autoen zirkulazioa etengo da. Jai gunea Bideberri, Fraiskozuri eta Seminarioko patioa izango da.

Eta egitaraua hauxe: 11:00etatik 14:00etara karate eta ginmasia erakustaldiak, kirol egokitua, irristaketa, patin-hockeya, txirrindularitza, piraguismoa, saskibaloia, eskubaloia, xakea eta puzgarriak. Eta, Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioaren eskutik, 11:00etatik 14:00etara, joko ezberdinen bitartez, urritasun ezberdinak dituztenek zer sentitzen duten bizi izateko aukera izango dute herritarrek. Haur, gazte eta helduek, ezberdintasuna bizitzeko tartea izango dute, gurpil aulkian, begiak estalita, etab. Slaloma, boccia edota bestelako kirolak probatu ahalko dira joko ezberdinen bitartez.

16:00etatik 20:00etara puzgarriak izango dira; eta egun osoan zehar haur, gazte eta helduentzako jolasak eta ekintzak.

 

Departamento: