Bergararen 750. urteurreneko ikuskizunerako data berria irailak 28, ostirala, da. Hala, asmoa da irailaren 28an, ostirala, 22:30ean San Martin plazan egitea urteurreneko ikuskizuna. Kontzertuaren egitaraua aurretik iragarritakoa izango da.

Data hurbildu ahala, irailaren 28rako eguraldi iragarpenak onak ez balira, irailaren 29an, larunbata, San Martin plazan egingo litzateke. Eta larunbaterako iragarpenak ere onak ez balira, egun horretan Udal pilotalekuan egingo litzateke ikuskizuna.

Ekainean eskuratutako gonbidapenek ez dute baliorik izango arrazoi bategatik: Udal pilotalekuan ezin dira sartu San Martin plazan beste pertsona, eta banatutako sarrerak San Martin plazaren eserleku kopuruaren araberakoak ziren. Hortaz, iraileko ikuskizunerako gonbidapen berriak hartu beharko dira irailaren 20an, osteguna, Seminarixoko txarteldegian 18:00etatik 20:00etara. Pertsona bakoitzak gehienez 6 gonbidapen eskuratu ahal izango ditu.

Azkenean, eguraldiak lagunduta, San Martin plazan egitea posible izango balitz aforoa bete arte gonbidapen gehiago banatuko litzateke.

(Kontzertuari buruzko informazioa)

Bergarak Hiri-Gutuna jaso zuenetik 750. Urteurrena gogora ekarriko den honetan Udalak eta herriko elkarte ugarik, Valen Moñux eta Alfredo Gonzalez Chirlaqueren gidaritzapean, ikuskizun errepikaezina prestatu dute. Ikuskizunaren helburua da Bergara izan dena erakustea eta bergarar sena indartzea bergarar izaeran hain txertatuta dagoen artea eta bereziki musika bidaide izango duen ikuskizun eder baten bitartez. Lehenengo aldia da halako formatuko diziplina anitzeko ikuskizun bat San Martin Agirre plazan egiten dena eta erronka itzela da batzen dituen musikari eta artista guztiengatik, Bergarako historia izango duelako oinarri eta, jakina, aire librean egingo delako, kokagune arkitektoniko ederrenean.

Ikuskizunak musika izango du osagai nagusia, baina ikus-entzunezkoek lagunduta egongo da. Hala, ikus-entzunezko pieza horietan udalerriak musikan, pinturan eta arkitekturan izan dituen mugarriak errepasatuko ditu. Artea eta Bergara banaezinak dira; eta horrela egituratu nahi izan da. Bergarako historia errepasatuko du ikus-entzunezkoak Bergarari buruzko idatzizko lehen erreferentzia jasota dagoen garaitik (1050) Ikurrinaren legeztatzearen unera arte.

Emanaldiak ordu eta erdi pasatxoko iraupena izango du. Ikuskizuna lau bloke nagusitan banatuko da. Hasieran agurra egingo da Ikurrin Dantzarekin; eta horren ostean: 

1. Gure antzinako euskal musika. -‘Euskal festara’. Euskal Martxa. Jose Mari Usandizaga. -‘Mendi Mendiyan’. Operako fantasia. Jose Mari Usandizaga.

2. XX. Mende bukaerako gure euskal musika. -‘Udazken Koloretan’. Benito Lertxundi. -‘Xalbadorren heriotzean’. Xabier Lete. -‘Baga, Biga, Higa’. Mikel Laboa.

3. San Martzial.

4. Finale.

Jose Mari Usandizagaren piezak Bergarako Bandaren kantutegiaren parte izan dira historikoki; dagoeneko ia bergarartuta daude horietako asko.

Euskal kantagintzako artista handiek lotura handia izan dute Bergararekin, eta beraiei keinu bat egin nahi zaie.

San Martzial edozein bergararrontzat sinbologia handiko egun kuttuna da; belaunaldiz belaunaldi bergararrok dugun 24 orduko bizipen gogoangarria.

‘Finale’-n James Hornerrek filmetarako egindako piezak interpretatuko dira.

Parte-hartzaileak

330 lagun inguruk parte hartuko dute ikuskizunean diziplina askotariko musikariak, abeslariak, dantzariak, erregidoreak eta beste batuta.

Departamento: